Bakea eta bizikidetza lanposturako deialdia luzatu dugu! Bakea eta bizikidetzaren alde lan egin nahi duzu? Egungo erronkei aurre egiteko ideiak badituzu, aukera paregabea eskaintzen dizugu Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK). Izan ere, Bake eta Bizikidetza teknikari bila gabiltza, Donostian lanpostua betetzeko. 30 urte baino gutxiago baldin baduzu, gizarte gaietan eta parte-hartze dinamiketan aditua bazara, euskara maila altua badaukazu eta euskal elkartegintza ezagutzen baduzu, bidali zure curriculuma eta motibazio gutun bat egk@egk.eus helbidera azaroaren 29a (jueves) 12.00ak baino lehen. E-mailaren gaian, zehaztu “BAKE ETA BIZIKIDETZA TEKNIKARIA”.
Orain arte bake eta bizikidetza lan-arloak egin duena ikusi nahi baduzu, hemen dituzu albiste gehienak. Besteak beste Gazteon aukera dokumentala, Gazteak eta bakea eskuliburua, #GazteokBizikidetzan jardunaldia, euskal literaturan indarkeria politikoa nola jorratu den aztertzeko jardunaldia, Saharako errefuxiatu kanpamentuetan formakuntza, egungo gizartean aniztasunaren erronka nola erraztu jorratzen duen #EmakumeakBizikidetzan txostena (laster zabalduko dugu), etab.
Prozesurako datak
Hauek izango dira prozesuan kontuan hartu izateko hainbat data:
- Curriculumen eta motibazio-gutunen bidalketa, azaroaren 29a arte (eguerdiko 12:00ak arte).
- Froga idatzia nork egin behar duenaren jakinarazpena, azaroaren 30an.
- Froga Idatzia Donostian, abenduaren 3an.
- Elkarrizketa nork egin behar duenaren jakinarazpena, abenduaren 11n.
- Elkarrizketa eguna, abenduaren 13an.
- Lanean aritzeko hautatuaren jakinarazpena, abenduaren 17an.
- Lanean hasteko data, urtarrilaren hasieran.
Edozein zalantza izanez gero, interesa duten pertsonek 94 4436143, 943 429767 edo 945220601 telefonoetara dei dezakete (8.30etatik 14.00etara).
Deialdia osoa PDF honetan ikus dezakezu.