Maiatzaren 5ean, “Bizimodu Independentearen Europako Eguna” ospatzen dugu Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK).
ENILek (European Network on Independent Living) lehen aldiz 2014ean sustatu zuen egun hau, desgaitasuna duten pertsonek bizimodu independente bat aurrera eramateko duten eskubidea aldarrikatzeko asmoz.
Bizimodu independentea ez da beti bakarrik aritzea, norberaren bizitza gidatzeko beharrezko baliabideak izatea baizik. Iritzia eman eta erabakiak hartu ahal izatea, autodeterminazioa eta autonomia pertsonala garatzeko oinarriak dira, beraz, denon esku dago parte-hartzeko dugun eskubide hori aukera-berdintasunean gozatzeko laguntza egokia eskaintzea.
Hemen dituzue parte-hartze inklusibo bat sustatzeko aldaketarako 4 gako:
-
- Zeharkako ikuspuntua: Inklusioa ez da ekintza isolatu bat, proiektu guztien hasierako ardatza baizik. Ez da “gehigarri” bat, ekintza oro denontzat irisgarri jaiotzea bermatu behar duen oinarrizko irizpidea baizik.
- Irisgarritasun unibertsala: Espazioak eta informazioa mugarik gabe erabiltzea da. Espazio fisikoen seinaleztapen argia bermatzeaz gain, funtsezkoa da mundu digitala ere irisgarri egitea: bideoetan azpitituluak jarriz eta webguneak pantaila-irakurleentzat egokituz. Denok informaziora gure kabuz iristeko eskubidea dugu.
- Hizkera hurbila eta egokitua: Informazioa ulertzen ez bada, ez dago parte-hartze errealik. Irakurketa Erraza eta piktogramak bezalako tresnak funtsezkoak dira haur eta gazte guztiek mezuak bereganatu ditzaten. Informazioa argia denean bakarrik har ditzakegu erabakiak gure bizitzaren gainean.
- Irtenbide “estandarrak” alde batera utzi: Inklusio errealak gazte bakoitzaren aniztasuna eta behar bereziak errespetatzea eskatzen du, “denontzat balio duten” errezeta orokorrak alboratuz. Bakoitzak bere bidea aukeratu behar du, bere gaitasunetatik abiatuta eta laguntza pertsonalizatuak jasoz.
Bizimodu independentea eta autonomoa irisgarria bihurtzea denon konpromezua da. EGKn argi daukagu, horregatik, gure I. Inklusio Plana ekintza ororen oinarria bihurtu da.
Zure esku ere badago!
Zer aldatuko zenuke zuk gaur, bihar gazteak askeagoak izan daitezen?