Patxi Zubizarreta, Edurne Portela eta Iban Zaldua idazleak gurekin izango ditugu gaia lantzeko
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Dar-Dar Produkzioak kooperatibarekin batera, “Indarkeria Politikoa eta Giza Eskubideak Euskal Literaturan” ekitaldia burutuko du abenduaren 11an arratsaldeko 19:00etan Ordiziako Barrena Kultur Etxean.
Ekintza gonbidatu bereziz osatutako mahai-inguru batekin hasiko da. Patxi Zubizarreta, Edurne Portela eta Iban Zaldua idazleak izango ditugu gurekin jatorri politikoko indarkeriaren gaia euskal literaturan nola islatu eta landu den aztertzeko.
Ekitaldiaren helburua literaturak indarkeria politikoak utzitako ondorioak ulertzeko eta kritikoki aztertzeko joka dezakeen paperaz gogoeta egitea da. Nola islatzen ditu literaturak indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketak? Gatazkatsuak diren gaiak lantzeko ahalmena al du? Euskadin indarkeria politikoak utzitako ondorioak ulertzen lagundu gaitezke liburu batek? Galdera hauek eta beste asko planteatuko ditugu idazleekin ekitaldiaren lehen atalean.
Dinamika parte-hartzailea idazleekin
Mahai-inguru ostean dinamika parte-hartzaile bat burutuko dugu, non idazleek idatzitako liburuen pasarte batzuen irakurketak pizten dizkiguten gogoetak aztertuko ditugun. Konkretuki, Zubizarretaren Pikolo, Portelaren Mejor la ausencia eta Zalduaren Ese idioma raro y poderoso liburuen pasarteak landuko ditugu horien irakurketak sortzen dizkiguten emozioak eta iritziak partekatzeko. Bukatzeko, bururatzen zaizkigun galderak autoreekin zuzenean eztabaidatzeko aukera egongo da.
Literatura gustuko baduzu eta euskal idazleek Euskadin gertatutako indarkeria politikoaren inguruan idatzi dutenaz hitz egin nahi baduzu, animatu eta zatoz hurrengo astelehenean, abenduak 11, Ordiziara! FORMULARIO hau betez izena eman dezakezu.
Gogoratu! EGK-ko ekitaldiak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Gainera, bertaratzeko erabiliko diren garraio publikoko gastuak ordaintzen ditu.