6 May, 2026

Kontzientzia eragozpenetik bake-hezkuntzara: 40 urte bizikidetza eraikitzen.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen Fundazioarekin batera (UIK), udako ikastaro hau antolatu du:

Kontzientzia eragozpenetik bakerako hezkuntzara: 40 urte bizikidetza eraikitzen.

Ikastaroa uztailaren 17an izango da, Miramar Jauregian (Donostia), 09:00etatik 17:00etara.

Ikastaroaren helburuak

Ikastaro honek ibilbide historiko eta gogoetatsu bat proposatzen du Euskadin bakearen eta bizikidetzaren alde egindako lanak azken 40 urteetan izan duen bilakaerari buruz. Halaber, EGK-k arlo horretan izan duen ibilbidean arreta jartzen du ikastaroak: mugimendu antimilitaristatik eta kontzientzia-eragozpenari lotutako sustraietatik hasi eta bakerako, bizikidetzarako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren egungo ikuspegietaraino.

Helburua da bakegintzan gertatu diren aldaketei, abiapuntuari eta etorkizuneko ikuspegiei buruzko hausnarketa kritikorako gunea sortzea, ahalik eta ikuspegi holistikoenetik, eta arreta berezia jarrita parte hartze aktiboari eta belaunaldien arteko begiradari.

Era berean, esperientzien trukea, ikaskuntza kolektiboa eta bakearen eta bizikidetzaren arloko etorkizuneko lan-ildoak definitzen lagunduko duten ideiak sortzea sustatu nahi da.

Edukiak eta ikuspegia

Jardunaldian zehar bakearekin eta bizikidetzarekin lotutako hainbat alderdi jorratuko dira, besteak beste:

  • Feminismoa eta intersekzionalitatea.
  • Memoriaren transmisioa.
  • Kultura- eta erlijio-aniztasuna eta bizikidetza.
  • Bakea aro digitalean.
  • Gazteen egungo erronkak giza eskubideen eta gatazken arloan.
  • Bakerako hezkuntza-praktiken bilakaera Euskadin.

Metodologia

Ikastaroak hainbat lan formatu uztartuko ditu, parte-hartze aktiboa eta elkarrizketa sustatzeko:

  • Mahai-inguruak bakearen eta bizikidetzaren arloan adituak eta erreferenteak diren pertsonekin.
  • Hausnarketa kolektiboa ahalbidetzen duten dinamika parte-hartzaileak.
  • Giza liburutegiak, non esperientzien, ezagutzen eta bizipenen trukea izango den ardatz nagusia.

Hori guztia partaidetzaren, belaunaldien arteko eta bizipenen ikuspegitik landuko da.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?

Belaunaldien arteko topaketa den heinean, adin, ibilbide eta esperientzia desberdinetako pertsonei zuzenduta dago. Elkarrizketa-gune plurala sortzea da helburua.

Belaunaldien aniztasuna ikastaroaren funtsezko elementua da, hausnarketa kolektiboa aberasten baitu eta bakearen kontzeptuak azken hamarkadetan izan duen bilakaerari buruzko begirada zabalagoa eraikitzeko aukera ematen baitu.

Izen-ematea eta informazioa

Programa osoa eta izen emateak hemen daude eskuragarri:

Plaza mugatuak egongo dira.

Edozein zalantza izanez gero, deitu 688 737 097 telefonora (Monica) edo idatzi bakea@egk.eus helbide elektronikora.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.