2016ko martxoan Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Bilboko Udalaren eskariari erantzunez, ikasleen beharrak aztertzeko Bilboko ikasteko espazioei buruzko ikerketa burutu zuen. Analisi horretan agertutako emaitzen ondorioz, EGK-k gazte erabiltzaileen izenean udaletxeari hainbat proposamen egin zizkion, tartean gaueko ordutegian ikasteko eskaera.
Ikerketa horretan azaldu ziren beharretatik abiatuz, aurten Bilboko Udalak iristear dauden unibertsitateko azterketen garai honetarako ikasteko gelen sarea prestatu du. Hainbat espazio eskaintzeaz gain, Azkuna Zentroko 300 pertsonentzako lekua duen CAC1 gelaren ordutegia luzatzea eta gauez ere zabaltzea izan da udaletxetik hartutako neurririk garrantzitsuena.
Proba pilotu honetan, 2017ko abenduaren 11aren eta 2018ko urtarrilaren 25aren artean, gaueko 1:30ak arte luzatuko da ordutegia Azkuna Zentroko gela honetan (jai egun eta bezperak kenduta). Ordutegiko malgutasun hau azterketak prestatzen dituzten hainbat ikasleentzako onuragarria izango da, beraien ikasketak antolatzeko erraztasun gehiago ematen baitu.
Gazteen proposamen eta beharrei erantzuna ematen
Proiektu hau abian jartzeak Bilboko Udalak gazteen interesetan eta eskakizunetan emandako aurrerapausoak adierazten ditu. Gogoratu behar dugu 2017-2018rako udalak gai honekin lotuta bi proiektu aurreikusita ditu. Alde batetik, txartel bitartez eta gaueko ordutegia izango duen ikasteko espazioa; bestetik, Bilbon dauden unibertsitateekin batera ikasteko espazioetarako udal programa berezi bat sortzea.
EGKtik aditasunez jarraituko ditugu horrelako proiektuak eta informazio hori gazteei helaraziko diegu. Edozein ekarpen egin nahi izanez gero jar zaitez hezkuntza teknikariarekin (Asier) harremanetan hezkuntza@egk.org helbidean edo 944436143 telefonora deituz.
Gehigarri modura, Bilboko udalak duen ikasteko espazioen mapa daukazu, udal espazioak zeintzuk diren jakiteko. Bestetik, ikasteko espazioen plaza kopurua eta ordutegiak zehazten duen dokumentu eguneratua eskura ere badago nahi duenarentzat.