Aurrerapausoak Bilboko ikasteko espazioetan - EGK

16 May, 2017

Aurrerapausoak Bilboko ikasteko espazioetan

2016ko maiatzean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Bilboko Udalaren eskaerari erantzunez, Bilbon dauden ikasteko espazioen gaineko azterketa bat burutu zuen. Horretarako, erabiltzaile gazteen artean inkesta bat luzatu zen eta 100etik gorako erantzunak jaso ziren.

Azterketa kualitatibo honetan hainbat arlo aztertu ziren: ordutegien egokitasuna, espazioen erosotasuna, eskaintzaren balorazioa, baliabideen beharrak eta nola ez, hobekuntzarako proposamenak egiteko aukera.

Egindako analisian, ikasleek eskakizun eta eskaintzaren arteko desoreka nabarmendu zuten eta askotan espazio bat bilatzen denbora galdu beharrean etxean ikastera behartuak ikusi ohi zutela bere burua.

Egoera horren aurrean, jasotako ondorioak azpimarratuz, hauek dira EGK-k gazteen izenean Bilboko udalari helarazitako proposamen zehatzak:

  • Urte osoan zehar ikasteko espazioak asteburuetan zabalik egotea. Asteburuetan ikasleek ikasteko guneak behar dituzte. Gune bakar bat zabaldu beharrean espazio gehiago prestatzea eskatzen da ikasleek orain arte burutu behar dituzten itxaronaldiak ekiditeko.
  • Ikasteko guneen ordutegi eskaintza zabalagoa izatea urte osoan zehar. Txostenean jaso den bezala, azterketa garaiak ez dira berdinak ikasle guztiontzat. Hori dela eta ordutegia handitzea eskatzen da. Egia da urte amaieran eta uda aurretik ikasleria gehienak azterketak dituela, kasu horretan ordutegiak baino espazioak indartzea izango litzateke neurririk egokiena.
  • Ikasle masifikazio garaietan ordutegiak baino espazioak indartu. Ikasle multzoa nahiko zabala da eta askotan ez dira bakarrik unibertsitate ikasketak, zein lanbide heziketako ikasleak espazio hauetako erabiltzaile. Lan eskaintza bati erantzuteko pertsonek ere ikasteko guneak erabiltzen dituzte plaza kopurua murriztuz.
  • Taldean lan egiteko aukerak eskaini. Bakarka ikasteko tokiak badaude baina ikasle talde batek lan zehatza bat egin behar duenean edo ikasteko ariketa ezberdinak burutu behar dituztenean ez dituzte hori aurrera eraman ahal izateko tokirik aurkitzen.
  • Txartel bidez ireki daitezkeen ikasgelak egotea. Askotan ikasteko guneak kokatuak dauden eraikinen ordutegietara egokituak daude eta hori oztopo bat izaten da ikasleentzat ordutegia eskasa izaten delako. Proposamen honek, espazio bat ahalbidetzeari egiten dio erreferentzia, non ikasleak txartel bati esker sartu eta irten ahal izango dira inolako istilurik sortu gabe. Eraikina itxita badago ere, prestatutako gelara sartu ahalko lirateke gazteak.

Urtebete igaro ondoren, aurrerapausoak eman direla esan dezakegu. Bilboko udalak jakinarazi duen bezala, azterketa garaian plaza kopurua bikoiztu egin du eta datorren ikasturteari begira, 2017-2018, bi proiektu nagusi aurreikusten dira: txartel bitartez eta gaueko ordutegia izango duen ikasteko espazioa eta Bilbon dauden unibertsitateekin batera ikasteko espazioetarako udal programa berezi bat sortzea.

EGKren lana izango da proiektu pilotu horien jarraipena egitea eta gazteei informazio hori helaraztea.

Gehigarri modura, Bilboko udalak duen ikasteko espazioen mapa daukazue hemen, udal espazioak zeintzuk diren ondo jakiteko. Bestetik, ikasteko espazioen plaza kopurua eta ordutegiak zehazten duen dokumentu eguneratua eskura dago nahi duenarentzat hemen.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.