Zer diote pertsona gazteei buruz datorren irailaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi nagusiek? Zein dira gazteoi eskaintzen dizkiguten asmo, proposamen, ideia, konpromiso eta proiektu nagusiak? Euren zein politikek eragingo gaituzte gazteoi eta zein neurritan? Horrelako galderek eta beste hainbatek bultzatu gaituzte hemen jarraian dituzuen taulak osatzera.
Taulak: programa elektoralen laburpena
Orokorrean alderdi gehiago badaude ere, eta horren jakinaren gainean gaude, baina guk sei nagusiak aztertzea erabaki dugu (nonbaiten jarri behar baita muga): EAJ, EH Bildu, PSE, PP, Ahal Dugu eta Ciudadanos. Lehenik euren programa elektoralak aztertu ditugu banan-banan, gerora behin ideia nagusiak izanda elkarren artean alderatu egin ditugu. Jarraian, gure diseinatzaile gazteen poltsako artista batekin harremanetan jarri gara eta goiko PDF iruditxoan duzuena da azken emaitza. Klik eginez irakur dezakezu. Eta ez izan beldurrik zure inguruan zabaltzeko, horretarako dago-eta!
#GaztEztabaida
Igande honetan izango diren hauteskundeei begira, eta azkeneko urteetan ohitura izan den bezala, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) #GaztEztabaida izenekoa antolatu zuen irailaren 15ean. Oraingo honetan Leioako Lan Harreman eta Gizarte Langintzako Fakultatean izan zen ekitaldia eta bertan jorratutako gai nagusia Oinarrizko Errenta izan zen, ea Emantzipaziorako erreminta izan zitekeen ala ez. Zuk zer uste duzu? Badakizu zure iritzia jaso nahi dugu. Ez izan lotsati eta jar zaitez harremanetan gurekin. Egunean bertan streaming bidez bota genuen bideoa. Orain, ikusi nahi izanez gero, Youtubeko EGKren kanalean eskegi dugu.
Goian duzun bideoan ikus dezakezu zer esan ziguten aipatutako sei alderdien hautagaiek: Arantza Tapia (EAJ), Ander Rodriguez (EH Bildu), Alfonso Gurpegui (PSE), Laura Garrido (PP), Julen Bollaín (Ahal Dugu) eta David Pasarinek (Ciudadanos). Horretaz gain, Twitterreko #GaztEztabaida traolean bilatuz gero eguneko txioak topatuko dituzu.
Beste behin ere eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU/UPV) eta bereziki Lan Harreman eta Gizarte Langintzako Fakultateari Areto Nagusia uzteagatik eta Angel Elias Dekanoari pasa den ostegunean egindako eztabaida moderatzeagatik. Nola ez, ezin ahaztu Ikasle Kontseilua eta bertan laguntzen egon ziren boluntario guztiak.