Euskadin soldata-berdintasuna hitzarmenez eta legez babestuta dagoela esaten zaigun arren, gazteen lan-errealitateak bestelako argazkia erakusten du. Gaur, irailaren 18an, Soldata Berdintasunaren Nazioarteko Egunean, EGKn Euskadiko gazteen errealitateari eman nahi diogu argia.
Gaztea izatea, prekarietate-zigilua izatea da lan-merkatuan, baina gazte izate horri emakume izatea edo identitate zein genero-adierazpen ez-normatiboa izatea gehitzen zaionean, soldata-arrakala ez da soilik datu abstraktu bat: emantzipatzeko eta bizitza proiektu duina eraikitzeko egiturazko oztopo bat da.
Datu orokorrei begiratuz gero, 2025ean Euskadiko 18 eta 30 urte arteko gazteen okupazio eta langabezia tasak ia paritarioak izan ziren. Hala ere, azaleko datu horien azpian sakontzean, desberdintasuna azaleratzen da. Hauek, zaintza-lanei eta emakumearen sozializazioari lotuta daude askotan. Zaintza-zama horrek emakumeak aldi baterako lanetara, lanaldi partzial behartuetara edota sektore feminizatu eta prekarizatuetara bultzatzen ditu, beren ibilbide profesionala eta independentzia ekonomikoa erabat baldintzatuz,.
Arrakala hau are sakonagoa da identitate disidenteak eta LGTBIQ+ kolektiboko gazteak kontuan hartzen ditugunean. Oraindik ere estatistika ofizial gehienek ikusezin bihurtzen dituzte errealitate hauek. Ez dago datu xehatu nahikorik, baina lan-esperientziek erakusten dute hautaketa-prozesuetako diskriminazio ezkutua, azpi-enplegua, lan-prekaritate handiagoa, identitatea ezkutatzeko presioa eta lantoki ez-seguruak eguneroko ogia direla askorentzat. Ezin da soldata-berdintasunaz edo berdintasunaz oro har hitz egin aniztasuna kontuan izan gabe.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) argi utzi nahi dugu: lan beragatik soldata bera izatea ez da azken helburua, ezarri beharreko gutxieneko oinarria baizik. Benetako berdintasunak, lan-baldintza duinak bermatzea, gardentasuna bultzatzea, zaintza-lanen erregulazio publiko zein ekitatiboa egitea eta diskriminaziorik gabeko espazio seguruak eraikitzea.
Gure lanak berdin balio du. Arrakala mozteko eta gazte guztion emantzipazioa bermatzeko garaia da.