13 October, 2026

GoaZen: Euskadiko Oraingo eta Etorkizuneko Belaunaldien Nazioarteko I. Kongresua abian jarri dugu.

Datorren azaroaren 25ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, gobernantzari, gazteriari eta belaunaldien arteko eskubideei buruz eztabaidatzeko funtsezko topaketa bat egingo da, tokiko eta nazioarteko hizlari eta erreferenteekin batera.

Nola hitz egin behar dute erakundeek gazteen parte hartzeko modu berriekin? Nola berma dezakegu gaur hartzen ditugun erabakiek datozen hamarkadetako Euskadi arriskuan ipiniko ez dutela?

Galdera horiei erantzuteko, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) GoaZen: I. Euskadiko Oraingo eta Etorkizuneko Belaunaldien Nazioarteko Kongresua antolatu du, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta Euskadi Local 2030 Hub-aren laguntzarekin. GoaZen azaroaren 25ean, 9:00etatik 14:30era, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Beharrezko paradigma-aldaketa

1986tik, EGK Euskadiko gazteen ordezkaritzaren zubia izan da. Hala ere, egungo ziurgabetasunaren eta azelerazioaren testuinguruak urrats bat harago joatea eskatzen du. Gaur egun, parte hartzea eraldatu da: mobilizatzeko eta inplikatzeko eredu klasikoaz gain, (integratu beharreko) aukera digital berriak sortu dira; horizontalagoak eta aldakorragoak direnak.

40. urteurrenarekin batera, erakundeen kudeaketaren eta gazteen errealitatearen arteko aldea murriztu nahi dugu. Gazteak ez gara soilik politika publikoen onuradun: gobernantzaren, belaunaldien arteko justiziaren eta herriaren kalitate demokratikoaren bihotza gara.

Zer egingo dugu GoaZen-en?

Kongresuak hainbat bloketan egituratutako programa izango du:

  • Nazioarteko inspirazioa: 2030 Agenda eta NBEren Etorkizuneko Ituna nola lurreratu aztertuko dugu gazteen lidergoan oinarrituta, Lindsey Huahumullo Nazio Batuen Local2030 Koalizioko gazteen ordezkariaren parte-hartzearekin.
  • Europako ikuspegia: Flandesen edo Galesen garatutako Youth Testa (Gazteen Inpaktuaren Ebaluazioa), Kanariar Uharteetako eredua eta Euskadiren aurrerapenak bezalako tresnetatik ikasiko dugu.
  • Tailer parte-hartzailea: Eguerdian gune bat irekiko dugu Euskadin gai honetan eman beharreko pausuen inguruan hausnartzeko
  • Belaunaldien arteko elkarrizketa eta amaiera: Eskubideen babesa eta etorkizunerako ondarea aztertuko ditugu, Europako Kontseiluaren Advisory Council on Youth-ekin eta Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailarekin batera.

Kongresuko webgunean jardunaldiko bloke guztiak kontsultatu ahal izan ditzazuen eta izena eman estekan dagoen formularioaren bidez.

Informazio gehiago nahi baldin baduzue, deitu 944436143 / 688676099  (Aitor) telefonora edo idatzi partehartze@egk.eus helbidera.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.