Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Portugaleteko Koskoenea gaztetxearen utzaraztea salatu du. Elkarte plataformak gazte eta auzokideei babesa adierazi die
Bilbon, 2011ko ekainaren 9an. Duela urte bat eta hiru hilabete Portugaleteko Koskojales kaleko eraikin huts bati bizitza eman zion gazte talde batek, Koskoenea gaztetxea sortuz. Ordutik, erabili gabe zegoen espazio horretan tailerrak, bideo-emanaldiak, solasaldiak, bertso-eskola eta baratzaren egokipena bezalako erabilera publikoak antolatu dituzte gazteek. Gaur, berpiztutako etxe hori hustu du poliziak. Horregatik, Koskoenea gaztetxearen hustearen aurrean, honakoa hau adierazi nahi du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK):
- “Egungo errealitateari so eginez, geroz eta gazte gehiago daude bere aisiaren autogestioa bilatzen dutenak, lonjak alokatzen dituztenak, euren ekintzak antolatuz eta garatuz, haien elkarbizitzarako haienak diren espazioak bilatzen dituztenak. Marko instituzionaletik askotan eskaini izan dira gizarte-etxeak bezalako guneak, baina horietan sarritan arazoak egon ohi dira 15-30 urte bitarteko gazteak gizarte antolaketa eredu horren barne sentitzeko.
- Egoera horren aurrean, gaztetxeak gazte partaidetzaren eta antolakuntzaren gune sustatzailetzat jotzen ditugu: euren erabakietan eta funtzionamenduan autonomiaz jokatzeko apustu eginez, diru-laguntzen eta epeen menpekotasunik gabe. Gazte kopuru handi baten partaidetza eta antolakuntza sustatzeari begira baliagarriak diren ereduak dira, beraz; hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik eta arrazoiketa eta antolabide horretan oinarrituta, aipatutako dinamika hori gazteria partaidetza eredu egokitzat jotzen dugu; babestu beharreko espazioak dira gaztetxeak.
- Justuagoa, irekiagoa eta anitzagoa izango den jendarte baten aldeko apustua egiten dugu. Gizarte zibilaren indartzearen aldeko apustua, eraldatzaileak izango diren alternatiben aldekoa, tokian tokiko garapenaren aldekoa izanik eta gazteak diren pertsonen erabateko partaidetzaren nahiz hiritartasunaren aldeko apustua egingo duena. Horrekin batera, aldaketarako eta gizarte ekintzarekiko zaletasunaren eta demokrazia parte-hartzailearen aldeko apustua egiten dugu ere. Hori guztiagatik, gaztetxeak ezinbestekoak direla uste dugu”.*
Bestalde, Zallako gaztetxeak bere liburutegiari su eman diotela salatu du gaur. Salaketa horren aurrean, bertako gazteei ere babesa adierazi nahi die EGK-k. Testuinguru honetan, Portugalete eta Zallako gaztetxeen aldeko mobilizazioak sustengatu eta bertan parte hartzeko deia egiten du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak.
Aurrera, gazteak!
Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
*Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko 22. Batzarrean elkarteek adostutako testua.