Kulunkan ikas eta jolas gunea jaiotzera doa!

KULUNKAN- Ikas/ Jolas Gunea jaiotzera doa!

  • KULUNKAN egitasmoa Euskal Herriko zein Durangaldeko aisialdi hezitzaile eta euskaldunean diharduten hamar bat eragilek osatzen dute
  • Esperientzia pilotu gisa aurkezten den ekimena 2012ko gabonetan Durangoko herrian egikaritzeko asmoa dute

Durangon, 2012ko urtarrilaren 10ean. Neguan sartu gara eta, gabonetako hotzarekin, jolasteko nahia piztu zaigu. Horregatik hezkuntza eta aisialdi hezitzaile/euskaldunaren aldeko eragileak familia osatu dute eta elkarrekin Kulunkatzera doaz… KULUNKAN ikas/jolas gunea jaiotzera doa!

2011ko apirilaz geroztik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren laguntzarekin saretzen hasi zen proiektua. Bertara, Ikastolen elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, Bizkaiko Urtxintxa Eskola, Gurasoen Elkarteak, Amarauna sarea, eta Durangaldeko Berbaro, Zeozer, Gugeu, Kimuak edota Zapaburu bezalako elkarteak ere hurbildu dira. Euskal Herritik tokiko errealitatera, metropolietatik herrietako beharrizanetara jaisteko asmoz.

Izan ere, ume, nerabe eta gazteentzat zuzendutako industria kulturaletik bultzatzen den astialdi eredua joera kontsumista eta parte hartze pasiboan galdurik dagoela uste dute. Horrela, eremu ezberdinetan bideratzen diren proiektuek zerbitzu edo asistentzian oinarrituriko izaera azaltzen dute gehienetan, hauen igorle eta hartzaileen arteko distantzia nabarmena izanik. Zentsu honetan, egoera honek uzten dituen hutsuneak betetzeko helburuarekin, haur, nerabe eta gazteen heziketa integrala bultzatuko duen esperientzia pilotu bat martxan jarri nahi dute.

Proiektuaren inflexio puntua, bi egunetan burutuko den aisialdi ekimena dugu. Hain zuzen ere, Bizkaian, Durangon, zabaldutako jolastoki hezitzailea izango da. Haur, nerabe, gazte eta gurasoei zuzendutakoa, familiak unitate bat bezala hartuz, proiektuaren parte sentitu eta erabaki garrantzitsuenen subjektu izan daitezen.

Jolas, dinamika eta tailerren bidez gozatuz pertsonaren gaitasunak garatzea eta balioetan heztea da ekimenaren helburua. Jolasa, jokoa ez bezala, garapenerako, ondo pasatu, harremanak izan, errespetu ohiturak bereganatzeko, irudimena eta fantasia lantzeko, barre egiteko eta elkarrengandik ikasteko burutzen den jarduera da. Ez dago irabazlerik, irabazi eta galdu egiten da aldi berean; bata eta bestea.

Horrela, hiru gune banatzea aurreikusten da, haur eta familiak batetik, nerabe eta gazteak bestetik eta gurasoak azkenik. Bakoitzean, egitarau ezberdina egitea proposatzen da, zeharka eta zuzenki lotutako beharrak kontutan harturik: euskara eta aisialdi euskalduna, kulturartekotasuna, aukera berdintasuna, hezkidetza, lankidetza, elkartasuna, gatazken konponbidea, ingurumena eta jasangarritasuna besteak beste.

Eragile parte hartzaile guztiek osaturiko asanbladak burutuko dira gai orokorretaz aritzeko. Batzordeak osatzea ere aurrikusten da, gune edo lanketa berezituentzako. Gainera, mintegi irekiak antolatuko dira interesa eduki dezaketen Durangaldeko norbanako zein kolektiboek zuzenki parte hartu dezaten, lehenengoa otsailean burutuko delarik.

Proiektu honen filosofia eragile bakoitzaren boluntariotza-indarrean oinarritzen bada ere, garrantzitsua izango da instituzio publikoen laguntza eta inplikazioa izatea, ezinbesteko gestio eta azpiegiturak eskuragarri egon daitezen.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Ikastolen Elkartea, Urtxintxa Eskola,
Amarauna sarea, BIGE, Sortzen Ikasbatuaz, Berbaro, Zapaburu, Zeozer, Kimuak, Geu Be.

IZAN ZAITEZ KULUNKARI!

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.