Hiruburuen esperientzia eta ondorioak azaldu ditugu Gasteizko Udalean

26 January, 2015

EGK-k Hiruburuen esperientzia eta ondorioak azaldu ditu Gasteizko Udaleko bi batzordetan

2014ko urrian EGK-k Hiruburuak antolatu zituen: Gasteizko politikarien, teknikarien eta gazteen arteko topaketak gazteentzat interesgarriak diren gaiak jorratzeko (enplegua, etxebizitza eta proiektu autogestionatuak). Une horretan, esperientzia bera eta sortu ziren ondorioak udal ordezkariei helarazteko konpromiso hartu genuen. Gaur gure hitza betez, EGk bi udal batzordetan parte hartu du, “Enplegu sustapenaren, garapen ekonomiko iraunkorraren eta sozietate publikoen batzordea” eta “Euskara, kultura eta hezkuntza batzordea”. Zinegotziek proposamenak aztertzeko konpromiso politikoa hartu dute.

Itsaso Anduezak, EGK-ko presidenteak, bi batzordeetan hartu du hitza eta “agerraldi hauek oso garrantzitsuak” zirela azpimarratu du, gazteon hitza entzua izango zelako. Lehenengoan, Hiriburuetatik enplegua arloan sortu ziren ideiak azaldu ditu, batez ere Udal kontratazioarekin lotura dutenak, bekak, praktikak eta horrelakoak aipatu dira. Bere hitzetan “ezin dira 11 beka bakarrik egon Gasteizen 6.600 gazte langabezian daudenean, ezin dira soilik 3 hilabeteko lan esperientzian izan eta honen jarraipen bat egin behar da”. Gainera, gaztea izatea gizarte baldintza bezala onartzea eskatu da. Aurkeztu diren ideia guztiak, Hiruburuak eta gero sortu zen txostenean irakur daitezke.

EGKren ondoren, Udal Gobernu eta oposizioko talde politikoen txanda iritsi da. Orokorrean denak ados egon dira proposatutako ideiekin eta gazteen parte hartzearen balorazioa oso positiboa egin da; hau da hitz egindakoaren laburpena:

– Udal Gobernua (PP):Gazteek eman dituzten ekarpenak entzun  ditugu eta aztertzeko konpromiso politikoa hartzen dugu, euren parte hartzea ezinbestekoa da”.

– EH Bildu: “Administrazioetatik borondate ona izan dezakegu, baina gazteen ideiak kontuan hartu behar ditugu, hori eskatzen ari dira”.

– PSE-EE: “Egoera hobetzeko lana egin behar dugu eta erantzunak eman behar ditugu. Udal Gobernuak proposamenen bat onartzeko konpromisoa har dezake?”

– EAJ-PNV: “Guztiontzat onartzen ez ditugun lan-baldintzat, gazteekin bai onartzen ditugu. Gizarte baldintzak aldatzea eskatzen bada, bihar bertan egin daiteke”

Bigarren batzordean, EGK-k eta Gasteizko Udalak sinatuta duten hitzarmenaren berri eman da eta, honen barruan, Hiruburuak gauzatzeko prozesuaz azalpenak eman dira. Batzordeko politikari batzuk jardunaldi hauetan parte hartu zuten eta besteek ez, baina denek horren inguruan prestatu zen laburpen bideo ikusteko aukera izan dute.

Agerraldi hauekin EGKren konpromisoa bete da eta orain Udal Gobernuaren jardunean eta aurrerago egingo diren planetan ideiak hauek gauzatzea espero da, eta, arrakasta ikusita, aurten ere beste Hiruburuak antolatzea.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.