Duela bi aste Lezamako obra batean erori eta bederatzi egunera zendu zen 26 urteko gazte arabarraren heriotza salatu du gaur Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Gazte-elkarteen plataformak gaitzetsi duenez, “behin berriro ere, lan-ezbehar batek gazte baten bizitza itzali du”. Zentzu honetan, gazte sareak gogorarazi du “gazteek gainontzeko langileek baino lan-istripu bikoitza jasaten dutela, Osalanen datuen arabera”. Eta horren zergatia, EGKren aburuz, “garbia” da: “gazteriak gainontzeko langileek baino baldintza oraindik prekarioagoak jasaten dituzte (behin-behinekotasuna, ez-ohiko kontratazio formulak -bekak, praktikak-, azpi-ekonomia, lan karga astunak, ordutegi txarrak), eta prekarietatea lan-ezbeharren oinarri-oinarrian dago”. Testuinguru honetan, EGK-k uste du bai lan-erreformak bai pentsioen erreformak ere “lan merkatua gehiago prekarizatu” dezaketela, eta, “hortaz, langileriaren osasun laboralak okerrera egin” dezakeela.

31 January, 2011