Donostiako Uxotegi gaztetxearen alde - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

EGK, Donostiako Uxotegi gaztetxearen alde

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Donostiako Uxotegi gaztetxearen itxiera salatu du

Elkarte plataformak babesa adierazi die gazte eta auzokideei

Donostian, 2011ko abenduaren 27an. Duela hiru hilabete eta bi egun Uxotegi Gaztetxea jaio zen, Donostiako Alde Zaharreako Gaztelubide kalean 20 urtez baino gehiagoz utzik egondako eraikin bat berpiztuz. ‘Administrazioak gazteoi eskaintzen dizkigun aisialdi aukera urrien aurrean, gehien bat taberta eta dantzalekuetara murriztuak, proiektu sortzaile eta partehartzaileekin geure garapena areagotu nahi’ zutela azaldu zuten gaztetxearen sortzaileek.

Atzo goizean, berriz, Ertzaintzak Donostiako Uxotegi Gaztetxea utzarazi eta hormaratuarazi zuen jabearen izenean epaitegian jarritako salaketa bat medio. Ertzaina heldu zenean, barruan inor ez zegoelarik hormatzea agindu zuen. Horregatik, Koskoenea gaztetxearen hustearen aurrean, honakoa hau adierazi nahi du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK):

“Egungo errealitateari so eginez, geroz eta gazte gehiago daude bere aisiaren autogestioa bilatzen dutenak, lonjak alokatzen dituztenak, euren ekintzak antolatuz eta garatuz, haien elkarbizitzarako haienak diren espazioak bilatzen dituztenak. Marko instituzionaletik askotan eskaini izan dira gizarte-etxeak bezalako guneak, baina horietan sarritan arazoak egon ohi dira 15-30 urte bitarteko gazteak gizarte antolaketa eredu horren barne sentitzeko.

Egoera horren aurrean, gaztetxeak gazte partaidetzaren eta antolakuntzaren gune sustatzailetzat jotzen ditugu: euren erabakietan eta funtzionamenduan autonomiaz jokatzeko apustu eginez, diru-laguntzen eta epeen menpekotasunik gabe. Gazte kopuru handi baten partaidetza eta antolakuntza sustatzeari begira baliagarriak diren ereduak dira, beraz; hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik eta arrazoiketa eta antolabide horretan oinarrituta, aipatutako dinamika hori gazteria partaidetza eredu egokitzat jotzen dugu; babestu beharreko espazioak dira gaztetxeak.

Justuagoa, irekiagoa eta anitzagoa izango den jendarte baten aldeko apustua egiten dugu. Gizarte zibilaren indartzearen aldeko apustua, eraldatzaileak izango diren alternatiben aldekoa, tokian tokiko garapenaren aldekoa izanik eta gazteak diren pertsonen erabateko partaidetzaren nahiz hiritartasunaren aldeko apustua egingo duena. Horrekin batera, aldaketarako eta gizarte ekintzarekiko zaletasunaren eta demokrazia parte-hartzailearen aldeko apustua egiten dugu ere. Hori guztiagatik, gaztetxeak ezinbestekoak direla uste dugu”.*

Guzti honengatik, Uxotegi gaztetxearen utzaraztearen kontra eta gaztetxeen alde lanean jarraitu eta antolatzen diren mobilizazio zein dinamiketan (akanpaldian, osteguneko gazte egunean,…) parte hartzeko deia egiten du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

*Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko 22. Batzarrean elkarteek adostutako testua.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.