#Boluntaldia Boluntariotza topaketa abenduak 2 Boluntan. Encuentro sobre voluntariado el 2 de diciembre en Bolunta - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

20 November, 2019

Boluntariotza topaketa abenduak 2 Boluntan

  • Gazteei ahotsa emanez aurrera begirako erronkak identifikatu eta eskaerei forma emango diegu ostean gizarteratzeko

  • #Boluntaldia argazki-lehiaketa sari-banaketa egingo dugu

Zein da gazte boluntarioen egoera? Esperientziak eta egindako lana azpimarratu ohi dira ―are gehiago nazioarteko eguna gerturatzen den heinean―, baina zein dira haien beharrak, nahiak edo ardurak? Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) zuzenean ahotsa eman nahi diegu, haien izenean hitz egin baino bozgorailu izatea hobe delako. Asmo horrekin, datorren abenduak 2 boluntariotza topaketa antolatu dugu Boluntan. Eman izena hemen!

2019an aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Gazteriaren Euskal Legearen aurreproiektu-proposamena eta apirilean antolatu genuen topaketan mahai-gainean hainbat aldarrikapen eta hobetze-proposamen jarri genituen. Aitorpen falta maiz aipatu zen eta kritika horri proposamenak gehitu nahi dizkiogu, esaterako: curriculumean azaltzea, garatutako gaitasun eta konpetentziak azaleratzea eta islatzea, kontuan hartzea, etab. Oraingo honetan bertaratutakoekin kontrastatu, osatu eta sakonago landu nahi ditugu.

Gazteen esperientzia abiapuntu

Esan bezala, topaketa honetan boluntario gazteei hitza eman nahi diegu egiten duten lanaren aitorpen bezala eta aurrera begirako lanaz hausnartzeko ere. Izan ere, haiek ezagutzen dituzte hoberen arloak dituen erronkak eta hauei aurre egin ahal izateko hartu behar diren neurriak. Guzti hori aintzat hartzea ezinbestekoa da proiektuek duten helburua erabat betetzeko. Ez galdu aukera eta apuntatu ekitaldira!

Besteak beste, honakoak landu eta eztabaidatuko dira: modu egokian ematen den boluntariotza, gazteen egoera egokia bermatzen den edo nola balioesten identifikatzen eta aitortzen den. Lana aurrera eramateko baldintzak auzian jarriko ditugu eta hauek fintzeko aukerak denon artean proposatu.

#Boluntaldia argazki-lehiaketako sari-banaketa

Era berean, topaketa 2019ko uda ostean antolatu dugun #Boluntaldia argazki-lehiaketako sari-banaketa egiteko baliatuko dugu. Honen bitartez gazteei euren esperientzia argazki bidez islatzeko eta ikustarazteko aukera ematea zen asmoa.

Etorkizunari begira jorratutako oro guretzat oso baliagarria izango da: administrazio eta bestelako eragileekin ditugun bileretan aldarrikapenak aurkezteko, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan gizarteratzeko, neurri eta proposamenak gure egunerokoan aplikatzeko eta, batez ere, gazte boluntarioen egoeran hobekuntzak lortzeko.

Edozein zalantza izanez gero, boluntariotza nola ikusten helarazi nahi badiguzu edo bestelakorik komentatzeko idatzi hezkuntza@egk.eus helbidera edo deitu 944436143 / 688737133 (Irati) zenbakietara.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.