Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Zarauzko obra batzuetan lan-istripuz bizia galdu duen 19 urteko langile portugaldarren heriotza salatu du gaur. Langile gazte baten hirugarren heriotza da azken sei asteotan (ekainean bi gazte hil ziren, Gaubean eta Araian). Ostiral arratsaldean gertatutako ezbehar hilgarri honen aurrean, EGK-k “biktima, beste behin, gazte bat dela” salatu du. Azaldu duenez, gazteek gainerako langileek baino bi aldiz lan-ezbehar gehiago sufritzen dute. Osalanen azken datuen arabera, 2008an 16 eta 34 urte bitarteko langileen %4,12ak istripuren bat jasan izan zuen, guztizkoaren ia bikoitza (%2,2). Elkarte plataformak dioenez, “gazteen lan istripuen datu izugarri hauek harerman estu-estua daukate langileek -eta hein handiago batean, gazteek- pairatzen duten prekarietatearekin eta lan erritmoekin.
Testuinguru honetan, EGK lan-osasunaren arloko araudia betearazi dezan eskatu dio Administrazioari. Horrez gain, hurrengo neurriak abiatu daitezen aldarrikatu du:
• Lanaldi murrizketa.
• Ez ohiko kontratazio formulen gaineko ikuskaritza eta kontrola areagotzea.
• Esku hartze handiagoa Osakidetzaren partetik gaixotasun laboralen antzemate eta tratamenduan.
• Enpresetan, lanaren des-intentsifikaziorako neurriak martxan jartzea.
• Lanpostu bat betetzeko eskatzen den kualifikazioa eta lan hori garatzeko beharrezkoa denaren arteko oreka mantentzeko kontrol mekanismoak ezartzea.
• Azpi-kontratazioa eta behin behinekotasuna mugatzea.
• Aparteko orduekin bukatzeko neurriak abian jartzea.
• Zaintza lanen aitortza eta arautzea.
• Goi mailako ikasketak eta lana modu jasangarrian bateragarri egiteko bitartekoak eskaintzea.
• Enpresek gazteen parte hartze laborala eta sindikala ahalbidetzea, horretarako baldintzak eta bitartekoak eskainiz.
• Enpresek lanpostuaren onurarako izan ohi diren jakintzetan trebatzeko bitartekoak (denbora eta dirua) bere gain hartzea.
• Kontratazio sisteman langileen negoziaziorako gaitasuna arautzea.
• Ordezkapen kontratuak bultzatzea.
Bere aldetik, Gazteriaren Kontseiluak gazteek bizi duten lan prekarietatea salatzen jarraitzeko eta “izurrite honekin amaituko duen gizarte ahotsa” osatzeko bere konpromisoa azaldu du.