Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) argitzen du Vitoria-Gasteizko Udalak ez duela oraingoz berarekin hitzarmenik sinatuko
- Udaleko Gazteria Arloko teknikariekin egindako lana albo batera utziz eta 10.000 euroko aurrekontu-partida bat gordeta egon arren, azken unean orain Udalean dauden arduradun politikoek hitzarmenik ez sinatzea erabaki dute
- EGK-k azken urteetan sinatutako hitzarmenekin jarraitzea eta elkarrekin egindako lana ez etetea espero du maiatzaren 24ko hauteskundeen ondoren sortzen den udal gobernu berriarekin, alderdia edozein delarik
Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 8an. Ez da Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko hitzarmenik sinatuko oraingoz. Azken hilabeteetan EGK-ko ordezkariek eta Udaleko Gazteria Arloko teknikariek akordio batera iristeko pausuak eman dituzte iaz sinatu zen hitzarmenari jarraipena emateko asmoz eta Iñaki García Calvo kultura zinegotzia jakinaren gainean zelarik. Hala ere, azken unean, dena itxita zegoenean eta 10.000 euroko aurrekontu-partida bat gordeta egon arren, orain Udalean dauden arduradun politikoek hau ez sinatzea erabaki dute.
Iaz itxi zen hitzarmenari esker, Vitoria-Gasteizko gazteria politiken dinamizazioaren zati bat EGKren eskutik egin zen, teknikari bat lanean ibili zen eta gazteentzako hainbat jarduera antolatu ziren. Orain sortu den egoera dela eta, epeak luzatu daitezke eta urtean zehar egin behar zen lana asko atzeratu daiteke.
Ohikoa ez den arren, EGK-k ohar hau argitaratzea erabaki du martxoan egindako Batzar Orokorrean eta apirilean Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian hitzarmen hau laster sinatuko zela esan baitzen.
Azkenik, EGK-k Vitoria-Gasteizko Udaleko Gazteria Arloko teknikarien lana eskertu eta “azken urteetan bezala sinatutako hitzarmenekin jarraitzeko asmoa” berresten du eskaera bat eginez: “Alderdia edozein delarik, maiatzaren 24ko hauteskundeen ondoren sortzen den udal gobernu berriari elkarrekin egindakoa ez etetea eta lan egiten jarraitzeko deia egiten diogu”.