Atzo, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidenta, Maialen Olabe, eta hezkuntza teknikaria, Oiane Fernández, UPV/EHUko Errektoretzara hurbildu ziren Nekane Balluerkarekin, UPV/EHUko errektorearekin, eta Txelo Ruizekin, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearekin, elkarlanerako pausoak zehaztuko zituen bilera izateko.
EGKren egitura eta egunerokotasunean lantzen ditugun proiektuen berri eman diegu, beti bezala gazteon interesak lehenengo lerroan jarriz, eta elkar ezagutzeaz gain elkarlanerako aukerak aztertu ditugu.
UPV/EHUri dagokionez ikasleengana heltzeko estrategia eta modu berriak aztertzen daude, toki askotan bezala egitura handietan zailtasunak aurkitzen baitira, baina horiei irtenbide bat bilatzeko lanekin hasi dira. Horretarako EGK bidelagun izatea da aurrerapausoetako bat.
2017ra begira elkarren arteko beharrak mahai gainean jartzea da asmoa eta batak bestearen proiektuen berri izateaz gain, elkarren artean laguntza eskaintzea eta hurrengo urtera begira lan egiteko arloak identifikatzea.
EGKren helburua gazteoi berau ezagutaraztea da, haien behar eta eskubideak defendatuko dituen egitura dela azaltzea eta lantaldeetan eta ekimen zehatzetan parte hartzeko aukera dagoela jakinaraztea.
Azken urteetan, Ikasle Kontseilu, elkarte eta hainbat gazterekin batera ikasleen egoera hobetzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko lanetan gabiltza hausnarketa eta ekintza bateratuen bitartez. Horien artean, garraio gastuen azterketa, euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko manifestua eta lan-arloko oinarrizko ezagutzen gabeziaren identifikazioa burutu ditugu azken urtean
zehar.
Horregatik guztiagatik, orain arte bezala, EGK-k gazteon bozgorailu izaten jarraituko du; iritziak trukatu eta proposamenak instituzioei helaraziz.
Animatu zaitez eta etorri gurekin parte hartzera eta gazteon eskubide eta interesen alde lan egitera!