Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Udazkeneko Eskola antolatu du, astialdi taldeetako pertsona hezitzaile, begirale eta zuzendariei zuzendutako asteburuko topaketa. Astialdi Hezigarrian diharduten taldeak elkartzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko espazioa izango da, sektoreko egungo erronkei elkarrekin erantzuteko helburuarekin.
Topaketa azaroaren 14tik 15era egingo da Errotazarra aterpetxean (Barria).
Aurtengo programak egungo erronka nagusietako batzuk jorratuko ditu, hiru formakuntza saioren bidez:
- Emaize elkartearen eskutik, Sexuen hezkuntza eta jokabide sexual desegokien aurreko esku-hartzeari buruzko prestakuntza.
- Naizen elkartearen eskutik, Haur eta gazteen transexualitatea: ulertu, bidelagun izan ahal izateko.
- GEU Elkartearen eskutik, Astialdia euskaraz.
Formakuntzez gain, asteburuan zehar parte-hartzaileek esperientziak partekatzeko, beste talde batzuk ezagutzeko eta sare-lana indartzeko espazioak izango dituzte. Udazkeneko Eskolak, horrela, Euskadiko Astialdi Hezigarriaren komunitatea sendotzen jarraitzeko aukera eskaini nahi du.
Parte-hartzea errazteko, EGK-k Gasteiz eta Barria arteko joan-etorriko autobusa jarriko du parte-hartzaileen eskura. Horrez gain, asteburuko ostatua eta otordu guztiak EGKren kontura izango dira, parte-hartzaileek topaketaz eta formakuntzez gozatu dezaten.
Plazak mugatuak dira; beraz, izen-ematea lehenbailehen egitea gomendatzen dugu.
Parte hartzeko beharrezkoa da galdetegi honen bidez izena ematea.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Iratxerekin (747442774) edo idatzi astialdi@egk.eus helbidera.