Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Arabako SEADen Lagunen Elkartearen laguntzarekin, “Gazteriaren parte-hartze aktiborantz: Sahara-Euskadi esperientzia-elkartrukea” ekintza ospatuko du martxoaren 21ean arratsaldeko 17:00etan Artiumeko Plaza Gelan, Gasteizen.
Jardunaldiaren helburu nagusia Saharar gazteria eta Euskadiko gazteriaren esperientzia-elkartrukea egitea da, ondoren gizartean parte-hartze aktiboago bat aurkitzeko tresnak izan ditzaten. Jardunaldia hiru zatitan banatuko da: EGK-k Saharako kanpamentuetara egin zuen bidaiak jasotzen duen bideoaren proiekzioa, saharar gazteek osatutako mahai-inguru bat eta dinamika parte-hartzaile bat.
Saharako gazteria ahalduntzen bideoaren aurkezpena
Pasa den urrian, EGK-k Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetan formakuntza bat eman zuen. Formakuntza hori hemengo gazteok elkartegintzaren bitartez lantzen dituzten erronka, esperientziak eta ekintzak Saharako hainbat gazte elkarteei transmititzera zuzendua zegoen. Proiektu honetan, EGKz gain, Nafarroako Gazte Kontseiluak, Kataluniakoak eta Espainiako Gazte Kontseiluak, parte hartu zuten. Datorren asteazkeneko ekitaldia bidaia hau laburbiltzen duen bideoaren proiekzioarekin hasiko da.
Saharar gazteriak osatutako mahai-ingurua
Bigarren zatia saharar gazteek osatutako mahai-inguru bat izango da, kanpamentuetan eta baita Euskadin ere gizartean aktiboki eragiteko aurkitzen dituzten oztopo edo erronkei buruz gogoeta bat egiteko. Esperientzia pertsonaletik abiatuz, elkartegintzaren bitartez lantzea nahi dituzten arazo edo gaiei buruz hitz egingo dute ondoren, dinamika parte-hartzailean solasaldian, proposamen eta errefortzuak aurkitzeko eta haien parte-hartzea aktiboagoa izan dadin.
World Te dinamika parte-hartzailea
Jardunaldia dinamika parte-hartzaile batekin bukatuko da, World Te, non publikoko jendea talde txikitan bilduko den elkarrizketa sare informalak osatzeko, komunikazioa ahalbidetzeko, baita esperientziak elkartrukatzeko ere. Dinamika honek ideia, akordio eta akziorako bide kreatibo eta berriak sortu nahi ditu, klima eroso baten.
Saharar gazteek elkartegintzaren bitartez gizartean aktiboki parte hartzeko egin dezaketenaz hitz egin nahi baduzu, animatu eta zatoz hurrengo asteko asteazkenean, martxoak 21, Artiumera! FORMULARIO hau betez izena eman dezakezu.
Gogoratu! EGK-ko lantaldeak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. EGKren ekintzetara joateko garraio publikoko gastuak beti ordaintzen dira. Zure autobus, tren, metro… txartel originalak edo Internet bitartez jaitsitakoak eta guk erraztuko dizugun gastu orria beteta ematearekin, gastatutakoa bueltan izango duzu.