Hogei elkarte, kolektibo eta sindikatu baino gehiagok indarrak batu dituzte, norabide berean bultza egiteko: alegia, Europar Batasuna, Latinoamerika eta Karibeko estatuburu eta gobernuburuen gailurraren aurrean (Madril, maiatzak 17-21) protesta egiteko. Horretarako, Red Birregional Europa, América Latina y Caribe: Enlazando Alternativas sareak egin duen deialdiarekin bat egin dute. Zehazki, Alternatibak Lotuz deritzon ekimenak gailur-alternatibo bat antolatu du, maiatzaren 14tik 18ra: Herrien Gailurra, hain zuzen. Testuinguru honetan, dokumentua sinatu duten euskal gizarte mugimenduek*, deialdiz eta mobilizazioz betetako agenda prestatu dute, bihartik hasita.
Pasa den astean beroketa-jarduerak egin eta gero, bihar (asteartea) maiatzeko egitaraua hasiko da, Del cielo a la montaña liburuaren aurkezpenarekin. Lan honek Guatemalako komunitate indigenen bizirauterako borroka kontatzen du, bai eta munduaren bere ulermen espiritualaren defentsan egin duten bidea ere. Hitzordua Bilboko Hikaateneoan izango da, 19.30etan. Hortik aurrera, hamaika hitzaldi eta mahainguru etorriko dira, bata bestearen ondoren.
Lehenengoa asteazkenean izango da (hilak 5), 19.30etan Bilboko La Bolsa auzoetxean, Europar Batasuna: egonkortasun hitzarmenetik krisialdi politiketara hizpide, LKN (CGT) eta Jaime Pastor UNEDeko Zientzia Politikoetako irakaslea hizlari. Asteko azken hitzordua ostiralean izango da (maiatzak 7), Emakume Asanblada eta Ekologistak Martxan elkartearen eskutik. Zehazki, Kapitalismoaren maskorra izango dute aztergai, Sarrikoko Zubiria Etxean.
Ingurumen gatazkak mahaiaren gainean
Zerrenda ez da hemen amaitzen. Hurrengo astea deialdiz josita egongo da ere. Kanpo zorra, ingurumen gatazkak eta zor ekologikoak izango dira ardatzetako batzuk. Saiootan, munduko hamaika txokotatik etorritako hizlariak izango dira protagonista. Bertako eragileez gain, Argentina, Brasil, Ekuador eta Nigeriatik etorritako hainbat ekintzaileen txanda izango da.
Astearen kolofoia manifestazio bat izango da, hilak 14 (ostirala), 19.30etan Arriaga antzokitik abiatuta. Gainera, bertan protesta egiteaz gain Madrilen ere protesta egin nahi dutenentzat, elkarteek autobusak antolatuko dituzte. Ostiralean irten eta igandean itzuliko dira.
Dena den, mobilizazioa ez da azken hitzordua izango. Agenda maiatzaren 30era arte luzatuko da, kontra-informazioa eta nazioarteko elkartasun ekintza aztertuko dituen mahai inguru batekin, bai eta Saharar Herriaren aldeko elkarretaratze batekin ere. Horrez gain, 11n abiatuta eta hilaren bukaeraraino, erakusketa parte-hartzaile bat irekiko da Ekoetxean (Pilota kalea, 5). Gaur egungo europar-ereduaren aurkako borroka ardatz, edozeinek eraman dezake bere lana.
Kanpainia bizi honekin, 25 sinatzaileek honakoa aldarrikatu nahi dute: “Gailur honek finantza-kapitalaren alde eta korporazio handien alde egingo duela, horrek suposatzen duenarekin, alegia, baliabide naturalen suntsipena eta zerbizu publikoen pribatizatzea; hoti guztia, garapenaren mozorroarekin”. Eredu honen aurrean, euskal eragileek beste bat proposatzen dute. Hots, “herrien subirautzan, Giza Eskubideetan, demokrazia parte-hartzailean, eskubide sindikalen defentsan, gizarte-justizian, ingurumenaren zaintzan eta bakean oinarrituko den eredua”.
*Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), ESK, LAB, LKN/CGT (Banaka), STEE-EILAS, EHNE, AMB/BEA , Bilgune Feminista, KEM/MOC, GKK, Antikapitalistak, Gogoa, Gazte Komunistak, PCE, BBVAren kontrako plataforma, Ekologistak Martxan, Bilboko Ezker Abertzalea, Kakitzat, Komite Internazionalistak, Zordunok/RECADE, Bakea eta Duintasuna/OMAL, Hegoa, Mundubat, Mugarik Gabe, Euskadi-Cuba.