Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Memoriaren Eguna ospatzeko Bakeolaren eskutik Giza Liburutegiak espazioan parte hartzera gonbidatzen zaitu. Saioa azaroaren 9an arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak arte La Bolsa eraikineko Ganbara gelan izango da, Bilbon.
Giza Liburutegiak emakume eta gizonen istorioak, liburuen ordez, ‘irakurtzeko’ eta ezagutzeko espazioak dira. Horrela, normalean elkarrizketa bat izango ez zenuen pertsonekin hitz egiteko aukera bat eskaintzen du ekintza honek.
Memoriaren Eguna ospatzeko asmoz, Euskadin indarkeria politikoak sortutako hainbat biktimen testigantzak lehengo pertsonan ‘irakurtzeko’ aukera izango dute parte-hartzaileek. Ekintza hasi aurretik bertaratuek jatorri ezberdineko biktimen zerrenda bat jasoko dute, bakoitzaren aurkezpen labur batekin. ‘Irakurri’ nahi diren pertsonak aukeratu ostean, bi ordutan zehar, biktima horiekin egon eta elkarrizketa bat mantentzeko aukera izango da.
Ekitaldiaren helburua biktimen testigantzatik abiatuta, hauek memoria eraikitzerako orduan jokatzen duten paperaz gogoeta bat egin eta bizikidetzarekin izan ditugun esperientzia pertsonalen inguruan lanketa bat egitea da.
Giza Eskubideen Egunera bidean
Abenduaren 10a Giza Eskubideen Eguna dela aprobetxatuz eta honek Memoriaren Egunarekin lotura estua duela ikusita, azaroaren 23an Gernika bisitatuko dugu bertan iragan gatazkatsua eta etorkizun baketsu baten inguruan gogoeta egiteko. Parte-hartzaileen testigantzak grabatuko ditugu ondorengo galderekiko gogoeta jasoz: Nola trasmititu digute azken 50 urteetan Euskadin gertatutakoa? Zerbait faltan bota dugu? Nola hautematen dugu egungo Historia eta nola transmitituko genieke gertatutakoa hurrengo belaunaldiei? Zein da giza eskubideen papera egungo gizartean? Zein egoeratan ikusten ditugu islatuta eta zeinetan ez?
Gai honekiko duzun ikuspuntua zabaldu nahi baduzu eta bake eta bizikidetza gaien gainean gogoeta egin nahi baduzu, animatu eta pasa zaitez hurrengo ostegunean, azaroak 9, La Bolsatik! Formulario hau betez izena eman dezakezu.
Gogoratu! EGK-ko ekitaldiak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Gainera, bertaratzeko erabiliko diren garraio publikoko gastuak ordaintzen ditu.