Garoña itxi

20 June, 2011

Asteazkenean (hilak 22), 19.30etan MANIFESTAZIO ANTINUKLEARRA Bilbon!

Nuklearren itxiera eskatu eta beste kontsumo elektriko baten alde egiteko manifestatzera deitu dute

Manifestaldia Bilboko Arriaga Plazatik abiatuko da asteazkenean 19.30etan

Bilbon, 2011ko ekainaren 20an. Beste elektrizitate-eredu bat posible dela aldarrikatzeko eta, Garoñatik hasita, zentral nuklear guztien itxiera exijitzeko, manifestatzera deitu dute hogei jendarte-eragilek baino gehiagok; tartean, talde ekologistak, sindikatuak, alderdiak eta gizarte elkarteak. Euskal Herrian eta mundu osoan, beste elektrizitate eredu eta kontsumo bat posible da. Nuklar guztiak itxi behingoz! lelopean, Bilboko Arriaga Plazatik abiatuko da manifestazioa, asteazkenean 19.30etan.

Euskadi Plazan agerraldia egin dute gaur deitzaileek. Iberdrola dorrea atzeko-teloi moduan zutelarik, kale-ekintza bat burutu dute kontsumoaren murrizketa defendatzeko, energia berriztagarrien alde egiteko eta zentral nuklearren itxiera eskatzeko. Bozeramaileek azaldu dutenez, asteazkeneko manifestaldiak “zentral nuklear guztien itxiera eskatuko du, Garoñatik hasita, zaharrena eta arriskutsuena delako”. Zentzu honetan, gogorarazi dute Euskal Herritik lau kilometrora dagoen instalazio honek “aurreikusi zitzaion bizitza-epea gainditu duela”. “Guztiz amortizatuta dagoenez, Iberdrolak eta Endesak irabazi handiak jasotzen dituzte, eta gure osasunaren kontura egiten den negozioa da”, ohartarazi dute. Izan ere, azpimarratu dutenez, “egitura arazo larriak dituen instalazio nuklear zaharkitua baita, Fukushimako lehenengo erreaktorearen berdina” eta, ondorioz, arrisku berdinekin.

Ildo horretan, Rodríguez Zapateroren gobernuak “2004an eta 2008an egindako promesa elektoralak ahaztu izana” kritikatu dute, “ez baitu nuklearrak bere bizitzaren bukaerara iristen direnean ixteko egutegirik egin, ezta Garoña itxi ere, erabakia hurrengo gobernuaren esku utziz”.

Bestalde, “benetako aldaketa kontsumoa gutxitzean eta energia aurreztean eman behar dela” esan dute, eta gaineratu dute “beste elektrizitate eredu bat” posible dela. Horri dagokionez, ikatzaren erabilera alde batera uztea eta Pasaiako zentral termikoa ixtea eskatzen dute. Era berean, gas bidezko ziklo konbinatuko zentral berrien eraikuntzaren aurka agertu dira, “horrek %100 berriztagarria izango den elektrizitate ekoizpen sistema baten garapena kolokan jarriko lukeelako”. Testuinguru honetan, Euskal Herrian energia berriztagariei bultzada ematea beharrezkoa dela uste dute, “bereziki Euskal Autonomi Erkidegoan, elektrizitate ekoizpenaren %5era ez baita iristen, Nafarroan %81era heltzen den bitartean”.

Hori guztiagatik, herritarrei kalera atzeratzeko dei egin diete, Garoña eta gainerako zentral nuklearren itxiera eskatzeko eta beste eredu bat posible dela aldarrikatzeko. Hitzordua, 19.30etan Bilboko Arriaga Plazan.

MANIFESTUA deskargatu:

PDF ikonoa

 Deitzen dute:

Antikapitalistak

Aralar

Berdeak-Verdes (Equo)

Bildu

Bizilur

Bizkaia Benetan Maite

CC.OO

CGT-LKN

Desazkundea

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Eguzki

EHNE-Bizkaia

Ekologistak Martxan

ELA

ESK

Ezker Gogoa

Gorripiddea ildoa-Zutik

LAB

Mundubat

Sagarrak

Sare Antifaxista

Stee-Eilas

Gazte Komunisten Kolektiboak (GKK)

Espitzu

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.