ONGI ETORRI WEB BERRIRA

28 June, 2011

Lanpostuan zendu den gaztearen heriotza salatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

Lanpostuan zendu den gaztearen heriotza salatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak
Prekarietateak pertsona gazteen osasuna kaltetzen duela azaldu du gazte-sareak

Donostian, 2011ko ekainaren 28an. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) atzo Zumaiako Jose Mari Korta poligonoan bere lanpostuan bizia galdu zuen 30 urteko langilearen heriotza salatu du gaur, prentsa ohar baten bitartez.

“Beste behin ere, lanean hil den pertsona baten heriotza salatu behar dugu, eta, beste behin ere, gaztea da pertsona hori”. Izan ere, EGK-ren hitzetan, “gazteria lan-ezbeharren miran” baitago. Gazte elkarteen sareak azaldu duenez, “lan baldintza kaskarrak lan-istripuen, lan-gaixotasunen eta lan-osasunaren okertzearen zergati zuzen bat dira” eta, beraz, kontuan izanda gazteak direla baldintzarik okerrenak (eta are eta okerragoak) jasaten dituztenak, bere osasungarengan eragin bereziki latza izango du prekarietatearen areagotzeak”.

“Pairatzen ditugun lan baldintza kaskarrek larriki kaltetzen dute osasun mentala zein fisikoa”, salatu dute. Ildo honetan, “gazteek lan-baldintza txarrenak jasaten dituztela” gogorarazi dute: aldi baterakotasun tasa altuak eta behin behinekotasun kronikoa, langabezi tasa ia hirukoitza, lan sari baxuagoak eta sistematikoki erabiltzen diren ez ohiko kontratazio formulak (bekak, praktikak…) -lan-istripuen estatistika ofizialetan agertzen ez direnak-. Hori bakarrik ez: “lan karga astunak, ordutegi txarrak eta gain-kualifikazioa pairatzen dute, bai eta negoziazio kolektiboa oztopatzen duten lanpostuak, ezkutuko ekonomian ematen den enplegua, mugikortasun geografiko altua eta azpi-kontratazioa ere”. Gainera, “denboran zehar arrisku zehatz batzuei aurre egin behar izanaren ondorioak jasaten dituzte gazte askok (kargen manipulazioa, behartutako jarrera, kutsatzaile kimiko edo biologiak…); egoera kaskar horien ondorioz gaur gazteak direnak izango dira bere osasuna kaltetuta ikusiko dutenak”.

Testuinguru honetan, EGK-k lan-osasunaren arloko esku-hartze politikak eta aurrekontuak indartu ditzan eskatu dio Administrazioari. Horrez gain, hurrengo neurrien alde lan egin dezan galdegin dio:

  • Enpresetan, lanaren des-intentsifikaziorako neurriak martxan jartzea.
  • Aparteko orduekin bukatzeko neurriak abian jartzea.
  • Enpresek lanpostuaren onurarako izan ohi diren jakintzetan trebatzeko bitartekoak (denbora eta dirua) bere gain hartzea.
  • Lanaldi murrizketa.
  • Ez ohiko kontratazio formulen gaineko ikuskaritza eta kontrola areagotzea.
  • Esku hartze handiagoa Osakidetzaren partetik gaixotasun laboralen antzemate eta tratamenduan.
  • Lanpostu bat betetzeko eskatzen den kualifikazioa eta lan hori garatzeko beharrezkoa denaren arteko oreka mantentzeko kontrol mekanismoak ezartzea.
  • Azpi-kontratazioa eta behin behinekotasuna mugatzea.
  • Zaintza lanen aitortza eta arautzea.
  • Goi mailako ikasketak eta lana modu jasangarrian bateragarri egiteko bitartekoak eskaintzea.
  • Enpresek gazteen parte hartze laborala eta sindikala ahalbidetzea, horretarako baldintzak eta bitartekoak eskainiz.
  • Kontratazio sisteman langileen negoziaziorako gaitasuna arautzea.
  • Ordezkapen kontratuak bultzatzea.

Bere aldetik, Gazteriaren Kontseiluak gazteek bizi duten lan prekarietatea salatzen jarraitzeko eta “lan-istripuekin amaitu eta gazteen lan osasuna sustatuko duen gizarte ahotsa” osatzeko bere konpromisoa berretsi du.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.