Berriak Kukutzari buruz egindako bideoa

5 October, 2011

Kukutza gaztetxearen utzaraztearen ostean bizitako egoeraren aurrean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak adostutako komunikatua

Kukutza gaztetxearen utzaraztearen ostean bizitako egoeraren aurrean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak adostutako komunikatua. Irailaren 21ean, asteazkena, Errekaldeko Kukutza gaztetxearen berehalako utzaraztearen albistearekin esnatu ginen, duela 10 urtetik kultur proiektu batean, autogestioan, auzolanean eta herritar partehartzean sinesten duten gazteek okupatutako orubean kokatutakoa.

Honen aurrean, EGK-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ohar bat kaleratu zuen, aurretik emandako antzerako kasuetan bezala honakoa adieraziz:

  • “Egungo errealitateari so eginez, geroz eta gazte gehiago daude bere aisiaren autogestioa bilatzen dutenak, euren ekintzak antolatuz eta garatuz, haien elkarbizitzarako haienak diren espazioak bilatzen dituztenak. Marko instituzionaletik askotan eskaini izan dira gizarte-etxeak bezalako guneak, baina horietan sarritan arazoak egon ohi dira 15-30 urte bitarteko gazteak gizarte antolaketa eredu horren barne sentitzeko.
  • Egoera horren aurrean, gaztetxeak gazte partaidetzaren eta antolakuntzaren gune sustatzailetzat jotzen ditugu: euren erabakietan eta funtzionamenduan autonomiaz jokatzeko apustu eginez, diru-laguntzen eta epeen menpekotasunik gabe. Gazte kopuru handi baten partaidetza eta antolakuntza sustatzeari begira baliagarriak diren ereduak dira, beraz; hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik eta arrazoiketa eta antolabide horretan oinarrituta, aipatutako dinamika hori gazteria partaidetza eredu egokitzat jotzen dugu; babestu beharreko espazioak dira gaztetxeak.
  • Justuagoa, irekiagoa eta anitzagoa izango den jendarte baten aldeko apustua egiten dugu. Gizarte zibilaren indartzearen aldeko apustua, eraldatzaileak izango diren alternatiben aldekoa, tokian tokiko garapenaren aldekoa izanik eta gazteak diren pertsonen erabateko partaidetzaren nahiz hiritartasunaren aldeko apustua egingo duena. Horrekin batera, aldaketarako eta gizarte ekintzarekiko zaletasunaren eta demokrazia parte-hartzailearen aldeko apustua egiten dugu ere. Hori guztiagatik, gaztetxeak ezinbestekoak direla uste dugu”.*

Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik geure gaitzespena adierazi nahi dugu utzaraztearen ostean gertaturiko indarkeria ekintzen aurrean: poliziaren sekulako hedapena goizeko 5:00tan; polizia kargak; 60 atxiloketa; ehundaka zauritu; ehundaka kontainer erreta; kale-altzarien eta komertzioetako kristal eta pertsianen txikitzea; mehatxuak; etab. Ekintza baketsuak defendatzen ditugu, inolaz ere ez Errekalde eta Bilbon bizi izan ditugunen moduko indarkeria ekintzak. Halakoek ez garamatzate eraldaketa eragile moduan defendatzen eta sinesten dugun gizarte partehartze eredura.

Hau dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik Kukutza bezalako kultur proiektu bat defendatu eta bitartekaritza lana burutu dugula esan nahi dugu, eta honen inguruan sortu den guztiaren aurka gaudela, jakinda gainera kasu gehienetan Kukutza osatzen duten pertsonak ere honen aurka egon direla eta ez dutela horretan parte hartu.

Testuinguru honetan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Kukutza Gaztetxearen aldeko ekimenak babesten ditu eta gazteei haietan era baketsu batean parte hartzeko deia luzatzen die, gure sinesmenak hala defendatzen direla erakutsiaz. Gainera, gaztetxeen eredu partehartzaile eta autogestionatua defendatzen jarraituko dugu urteetan egin dugun moduan, baina ez indarkeria ezta istilua ere, datorren lekutik datorrela.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

*Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko 22. Batzarrean elkarteek adostutako testua.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.