ONGI ETORRI WEB BERRIRA

18 March, 2014

Kide berriak Gazteriaren Kontseiluan: Ernai, Emakume Gazteak eta Gazte Kampusa

Hemen duzue komunikabideetara bidali dugun prentsa oharra, EGK-ren azken Batzarraren albisteen berri emateko:

  • LOMCE erreforma eta Abortuaren Legearen aurka agertu da gazteen topagunea
  • Legebiltzarreko gazteria batzorde txostengile berriaren proposamenak etorkizuneko legean kontuan hartzeko eskatu dute
  • Lehen aldiz ijito gazte bat egongo da erakundearen ordezkaritza batzordean

Bilbon, 2014ko martxoaren 17an. Ernai (Izan aske gazte elkartea), Euskadiko emakume gazteak eta Gazte Kampusa elkarteak Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko kide dira dagoeneko, larunbatean gazte-erakundeak Bilbon ospatu zuen 33. Batzar orokorrak hala onartuta.

Era berean, Batzarra osatzen duten elkarteek lau talde eman zituzten bajan: Elgoibarko Izarrak, haiek eskatuta; Gazte Berdeak, zeukaten gazteen taldea bertan behera geratu delako; Biluts, EGK-rekin harremanik ez izateagatik; eta UNES, desagertu delako.

LOMCE eta Abortuaren Legearen aurka

Bestalde, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko batzarrak elkarteek aurkeztutako hiru proposamen onartu zituen. Batetik, argi berdea eman zion Gazte Kampusa elkarteak LOMCEaren aurka aurkeztutako testuari. Onartutakoak zioen bezala, Gazteriaren Kontseiluak Eusko Legebiltzarrari eskakizuna egingo dio, espainiar gobernuari proiektua bertan behera uzteko eta José Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren dimisioa exijitzeko eskatu diezaion. Aldi berean, LOMCEari aurre egiteko eskura dituen bitarteko legal guztiak erabiltzeko eskatuko die Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari, bai eta hezkuntza arloan murrizketarik ez egiteko eta sistema hirueledunaren alde apustu egiten jarraitzeko ere.

Gazte erakundeak Euskadiko emakume gazteak elkartearen proposamen baten alde bozkatu zuen ere, Abortuaren Legearen aurka egiteko. Testuan, EGK-k arau berriaren aurka agertzeko eskatuko dio Eusko Legebiltzarrari, baita 1985 urteko legea eta 2010ean egindako aldaketak indartzearen alde egin dezan ere. Gainera, erreforma honek Euskadin eraginik izan ez dezan neurriak hartzeko eskatuko dio, eta Espainiako Gobernuari dei egin diezaion oinarrizko eskubideak eliza katolikoaren postulatuen arabera arautzeari uzteko.

Bestalde, Euzko Gaztedi (EAJ-ko gazteak), Gazte Abertzaleak (Eusko Alkartasuna) eta Gazte Sozialistak (PSE) taldeek elkarrekin aurkeztu zuten proposamena onartu zuen EGK-ren Batzarrak. Testuaren arabera, Eusko Legebiltzarrean eratu berri den gazteria batzorde txostengilean Gazteriaren Kontseiluak parte-hartze iraunkorra izan dezan eskatuko dio instituzio honi, eta batzorde horietan sortutako proposamen eta ondorioak etorkizuneko Gazteria Legean aintzat hartzeko ere. Horrez gain, hirugarren gazteria plana idazteko orduan gazteen ahotsak kontuan izateko eskatuko dio Jaurlaritzari. Azkenik, gazteen beharrei aurre egiteko osasun, hezkuntza, enplegu eta gizarte politikarako sistema egoki bat eraikitzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala galdegingo dio ere.

Ijito gazteria

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan beste berritasun bat dago ere: lehen aldiz, EGK-ren funtzionamenduaz eta ordezkaritzaz arduratzen den Batzorde Iraunkorrean ijito gazte bat egongo da. Zehazki, Ramón Motos arituko da batzordekide moduan. Bera Kale Dor Kayiko elkarteko kidea da, eta talde hau dagoeneko EGK-ren ordezkaritzaren parte bazen ere, ijitoak ez ziren ordezkariak izan ditu orain arte.

Aipagarria da ere 2013ko balantze ekonomikoa eta memoria aho batez onartu zuela EGK-k, eta berdin egin zuela 2014ko plangintzarekin. Aurten dituen proiektuen artean, besteak beste, honako hauek daude: gazteen parte hartzea sustatzeko gida praktikoa, gazteriarentzat enplegu duin baten aldeko RECacciona lehiaketa (martxan), gazteen ekintzailetzaren alde ezezagunak ikustarazteko kanpaina eta gazte-taldeek osatutako Hezkuntza Foroa, hala nola Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza plan berriarekin lotutako proiektuak eta EGK-ren antolatzeko eta funtzionatzeko modua aldatuko duen Indartzen prozesuaren urrats berriak.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.