12 September, 2019

Islamofobia: feminismoak, erronkak eta ikuspegiak

  • Irailak 26an Emakumeen Etxean izango da topaketa

  • Helburua emakume musulmanek emakume izateagatik sufritzen duten zapalkuntza bikoitza aztertzea da

Berdintasun erreala jomuga bezala jarrita, berau lortzeko oztopoak aztertzea ezinbestekoa da: zein den oinarria, zein jarrerek mantentzen duten, nola egin diezaiekegun aurre, zein politika publiko jar daitezken martxan, etab. Horretarako, hainbatetan esan dugun bezala, genero-ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da. Islamofobia da aipatutako eragozpen horietako bat.

Horregatik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) bake eta bizikidetza eta berdintasun arloetatik ‘Islamofobia: feminismoak, erronkak eta ikuspegiak’ jardunaldia antolatu dugu datorren irailaren 26an Donostian emakume musulmanek emakume izateagatik sufritzen duten zapalkuntza bikoitza aztertzeko, bakean bizi den eta bizikidetzan oinarritzen den gizarterako erronka handia baita. Eman izena hemen!

Islamofobia genero-ikuspegia txertatuta

Donostiako Emakumeen Etxean egingo dugun ekitaldian hiru profil desberdin dituzten hiru emakume izango ditugu euren lekukotza eman dezaten. Jatorri desberdinekoak dira Enara Arrieta, Ikram Bouzalmat eta Chaimae Nakari.

Enarak bere ikasketa unibertsitarioetan izan zuen islamofobiarekin konexioa eta gaia aztergai izan du bere master amaierako lanean. Ikram nerabe zelarik iritsi zen Espainiar estatura jatorrizko Marokotik eta emakume musulman gazte bezala hausnarketa sakonak egin ditu kultura, hizkuntza edota gizarte desberdinek bere erlijioan duten ondorioei buruz. Chaimae berriz Ikram baino helduagoa zen Euskadira iritsi zenean eta bidaia beste arrazoi batzuk mugituta egin zuen. Berak bizitako hainbat gertakariren ondorioz islamofobiari, berdintasunari eta bizikidetzari buruzko egindako gogoeta eta ikuspuntuak azalduko ditu.

Testigantza hauen bitartez bakoitzak islamofobia nola bizi izan duen eta bizikidetzarako erronka honi nola egin dioten aurre azalduko du hasierako mahai-inguru batean. Ostean, hiru gonbidatuen lekukotzetatik abiatuta, hausnarketa elkarbanatua egingo dugu dinamika parte-hartzaile baten bitartez.

  • Noiz: Irailak 26 18:00etan.
  • Non: Donostiako Emakumeen Etxea (Okendo kalea, 9). Donostia.
  • Zer: Emakume musulmanek emakume izateagatik sufritzen duten zapalkuntza bikoitza aztertzeko ‘Islamofobia: feminismoak, erronkak eta ikuspegiak’ jardunaldia.
  • Izen-ematea: https://forms.gle/zuhyjtYvvkEbdukG6.

Ekitaldiari buruz informazio gehiago jakin nahi baduzu, zalantzaren bat izanez gero edo kontuan izan beharko genukeen zerbait bururatzen bazaizu jar zaitez harremanetan gurekin bakea@egk.eus / berdintasuna@egk.eus helbideetan edo 943429767 / 944436143 telefonoetan.

Gogoratu! Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) ekitaldiak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Gainera, EGK-k bertaratzeko erabiliko diren garraio publikoko gastuak ordaintzen ditu.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.