ONGI ETORRI WEB BERRIRA

26 November, 2014

EGK haurren eskubideen 25. urteurrenean Euskadin dauden Honduras eta Guatemalako gazteekin bildu da

Itsaso Andueza, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea, Haurren Eskubideen Hitzarmenaren 25. urteurrena dela eta Euskadin bisitan dauden Honduras eta Guatemalako gazteekin bildu da Donostian. Topaketa honen helburua, alde batetik, EGKren eta euskal gazteekin lan egiten duten elkarteen egitura eta funtzionamendua ezagutzea izan da, eta bestetik, haien herrialdeetan haurrek eta gazteek bizi duten egoera ezagutzera ematea, tamalez, leku hauek munduko toki bortitzen zerrendan lehenengo 10 postuen artean daudelako.

Topaketa oso aberasagarria izan zen. “Han eskualde bakoitzak gazte bat aukeratzen du eta liderra bihurtzeko laguntza eskaintzen dio, hemen ordea, edozein gaztek parte har dezake”, azaldu zuen Anduezak. Bisitariek Euskadin “urrezko seaska batean” jaio garela azpimarratu zuten eta eskubide guztiak ditugula, askotan, baloratzen ez ditugunak. Save the Children, SERSO San Viator Euskalerria eta Gizakien Lurra erakundeek, Jolas eta Ekin partekatutako programaren bidez, azaroaren 19tik 28ra egiten ari den bisita antolatu dute (Haurren Eskubideen Hitzarmenaren 25. urteurrena azaroaren 20an ospatu zen). Gazte hauek, euren herrialdetan Save the Children Guatemala eta SERSO Honduras-ekin lan egiten duten lider gazteak dira, eta hemen dauden bitartean beste euskal instituzio publikoekin bileran izan dituzte: Garapenerako Euskal Agentzia, Arartekoa eta Vitoria-Gasteizko Udala.

Gazteek beste hainbat ekintzatan ere parte hartu dute, guztien artean ‘Gazteak biolentziaren aurrean: bizikidetza sustatuz’ formazioaren Gasteizko saioan egon zirela azpimarra dezakegu, gazteon ikuspuntutik bakea eta bizikidetza lantzeko EGK-k antolatutako jarduera izan zena. Bigarren hezkuntzako ikasleekin, eragile sozialekin eta astialdiko taldeekin ere bilerak egin dituzte, azkenekin, epe luzera begira sareak eta elkarlana sortzeko asmoz.

Hilaren 28ra arte, gazteek egiten duten lana zabaltzeko elkarrizketa emateko prest egongo dira. Informazio gehiago izateko, Iván Barriorekin jar zaitezkete harremanetan, Jolas eta Ekineko koordinatzailea: jolasetaekin@gmail.com / 656 774 251 / 945 226 595.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.