UPV/EHUrekin elkarlanerako pausoak zehazten - EGK

23 October, 2017

Hitzarmena sinatu dugu UPV/EHUrekin

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) lankidetza hitzarmen marko bat sinatu dugu Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU). Akordio honen helburua baterako jarduerak garatzea eta bi erakundeon arteko loturak sendotzea da.

2017an zehar egindako bileretan EGKren egitura eta egunerokotasunean lantzen ditugun proiektuen berri eman diegu, beti bezala gazteon interesak lehenengo lerroan jarriz. Era berean, hilabete hauetan, Nekane Balluerkarekin, UPV/EHUko errektorearekin, eta Txelo Ruizekin, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearekin izandako topaketetan epe laburrera gazteoi bideratutako proiektu eta asmoak ezagutu ahal izan ditugu.

Hitzarmenaren helburuak

Bi erakundeen artean sinatutako akordioak, besteren artean, ekintza hauek hartzen ditu bere baitan:elkarlanean aritzea gazteentzako jarduerak antolatzen eta baterako jarduerak hedarazten, UPV/EHUko ikasleei askatasunez aukeratzeko kredituak emateko aukera aztertuz jarduera horietan parte hartzeagatik, eta EGKren aldetik aholkularitza zerbitzu bat eskaintzea UPV/EHUko ikasleen oraingo parte-hartze planean.

Azken urteetan, Ikasle Kontseilu, elkarte eta hainbat gazterekin batera ikasleen egoera hobetzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko lanetan gabiltza hausnarketa eta ekintza bateratuen bitartez. Horien artean, garraio gastuen azterketa, euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko manifestua eta lan-arloko oinarrizko ezagutzen gabeziaren identifikazioa burutu ditugu azken urtean zehar. Horregatik guztiagatik, orain arte bezala, EGK-k gazteon bozgorailu izaten jarraituko du; iritziak trukatu eta proposamenak instituzioei helaraziz.

Zure iritzia

Gainerako lan-ildoetan bezala, zure iritzia eta ideiak jakin nahi ditugu. Zein uste duzu direla UPV/EHUko ikasleen beharrak? Gazte-ikuspegia txertatua dagoela uste duzu? Erantzuna ezezkoa izatekotan, zertan hobe daiteke? Konta iezaguzu buruan duzun guzti hori hezkuntza@egk.org helbide elektronikoan eta etorkizuneko bileretan mahai-gainean jarriko dugu.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.