Foru Aldundiak, CRAJ eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren artean garatutako proiektua urriaren 17tik aurrera egongo da erabilgarri
Udaleko teknikarien laguntza izan arren, hiru urtez luzatu da proiektua
Donostia. Gipuzkoako Foru Aldundia, CRAJ! eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arteko elkarlanak bere lehen fruitua eman du. Urriaren 17tik aurrera, gipuzkoar guztiek lurraldeko elkartegintzaren argazkia internet bidez kontsultatu ahal izango dute. Mapak, aisialdi eskolak, federazioak, astialdi taldeak, euskara elkarteak, gizarte ekimenekoak edota kultura elkarteak biltzen ditu. “Aplikazioak elkarteekin harremana erraztuko du, sinpletu. Gazteen elkarteentzako XXI. mendean horrelako aplikazio bat garatzea ezinbestekoa zen” dio Urko Imaz, CRAJeko arduradunak.
“Google maps aplikazioaren bitartez garatutako zerbitzuan, elkartearen izena eta kokalekuaz gain, elkarteekin harremanetan jartzeko datu guztiak agertuko dira, oso era intuitibo eta errezean” azpimarratu du Imazek. Zerbitzuak elkarteekin harremana zeharo erraztuko duela uste du ere Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari den Xabier Ximenezek, “ez bakarrik gazte – elkarte harremana baizik eta, familiena edota kazetariena ere; umeentzako aisialdi talde bat bilatzeko, edota, elkarteekin, segituan, zuzeneko kontaktua lortu ahal izateko “.
Oso balorazio positiboa da ere Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik, Iñaki Landak, egiten duena; “Interneten, gazteria arloan zer nolako mugimendua dagoen islatzen duen lehenbiziko zerbitzu publikoa da. Mapa honekin, Gipuzkoa aitzindaria izan da, eta aurre hartu die Bizkaia, Araba edo Nafarroari, adibidez”.
Datuak aurten eguneratuak dira baina aurrera begira, etengabe berrituko dituztela azpimarratu nahi izan dute zerbitzu honen sortzaileek. Gipuzkoako elkartegintzaren argazkia gaurkotua iraun dezan.