Gazteon nortasuna ideologiaz gain beste hainbat ikuspegi oinarritzat hartuta eraikitzen da; baina gure ideia politikoei egindako erasoa gure nortasun pertsonalari egindako erasoa da eta, ondorioz, izan nahi duguna izateko askatasunaren aurkakoa.
Hori dela-eta, EGKtik gure iritzia agertu nahi dugu astelehen honetan Aitor Urresti Getariako zinegotziak jasandako giza eskubideen urraketei buruz. Hainbat hedabideen arabera, “Urrestiren etxe inguruan astelehen honetan, Nazioarteko Giza Eskubideen Egunean, ondorengoa irakur daitekeen pintada batzuk agertu dira: ‘A. Urresti gulagera`”.
Ohar honen bitartez EGKtik gertatutakoa deitoratu eta indarkeriaren aurka azaltzeko aprobetxatu nahi dugu, hau den formakoa dela ere (zuzena, zeharkakoa, estrukturala…), baita indarkeriak sortzen dituen Giza Eskubideen urraketa oro (ideia politikoekin lotuta egon ala ez) salatzeko ere, gizartean orokorrean eta gazteengan partikularrean.
Era honetara honakoa bilatzen dugu:
- Edozein pertsona (orokorrean) eta gazteren (partikularrean) duintasun eta osotasun fisiko, psikologiko eta emozionalaren gainetik, indarkeriaren erabilera oro, den formakoa dela ere (zuzena, zeharkakoa, estrukturala…), inongo kasutan ez dela justifikagarria ezartzen duen minimo etikoan kontzientziatzea.
- Indarkeriaren erabilera orori, den formakoa dela ere (zuzena, zeharkakoa, estrukturala…), zilegitasuna kentzea.
- Gertatutakoa berriro pasako ez dela bermatzea eta Giza Eskubideak urratu zaizkion biktima orok merezi duen onarpena, erreparazioa eta justizia aldarrikatzea.
- Giza Eskubide ororen errespetuan oinarritua dagoen bake-kulturaren sorrera azpimarratzen duten baloreak bultzatzea: elkarrizketa, enpatia, tolerantzia eta errespetua gazteontzat, norbanakoaren jatorria, kultura, erlijioa, ideologia politikoa edo beste aspektu baten gainetik.
Izan ere, EGKtik aldarrikatzen dugu ez dagoela apropos sortutako bidezko sufrimendurik. Ez dago onartu behar den apropos sortutako sufrimendurik. Giza Eskubideen urraketa oro baztertu eta saihestu behar da. Arrazoi honengatik, EGKtik ekimenetan gazteen parte-hartzea sustatzen jarraitzeko gure konpromisoa berresten dugu, zeinek elkarbizitzarako guneak eta adostutako irtenbideak dituzten jomugatzat, ardura gertatutako Giza Eskubideen urraketen ez errepikatzera bideratuta.
Gazteok ere orainaren protagonista garelako. EGK egunero saiatzen da gazteon eskubide guztiak defendatzen eta ez soilik gure ideologiarekin elkartzen zaizkienak urratzen direnean. Gure helburua gazteon ahotsa entzuna izatea eta kontuan hartzea izan da, da eta izango da, instituzio, hedabide eta gizartera gazteriaren iritzi, uste eta ardurak helaraziz, gure errealitatera moldatzen diren aldaketak proposatuz.