Gazte Burdela: "Euskal Herriko gazteen sexu askapenerako" deialdia

Gazte Burdela: “Euskal Herriko gazteen sexu askapenerako” deialdia

Euskal Herriko Gazteria Sexu Askapenerako Mugimenduak Gazte Burdela topaketa iragarri du datorren martxoaren 24rako, Durangon. Antolatzaileen oharra helarazten dizuegu jarraian:

“Euskal Herriko Gazteria Sexu Askapenerako Mugimenduak, urte bete darama GazteBurdela prestatzen; Euskal Herriaren agendan errotu nahi dugun topaketa nazional berria.

Hausnarketa sakonetatik eta autokritika zorrotzetatik jaio den ekimen hau jendarte eta batez ere gazte orori zabaldu nahi diogu. Gay eta lesbiana erakunde erreformistek historikoki erabili dituzten erakusleiho eta getoetatik salto egingo dugu, mugimendu intsumiso eta iraultzaile anitza zabalduz.

GazteBurdela, genero edota sexualitate autuetatik harago doan topaketa izango da. Sistemak gure bizimoduan inposatutako bizi eredua irauli nahi dugu. Bizi eredu hori, normetan eraikitzen den sistema kontrolatzailea da eta, gure nortasunetan txertatzen dena: sentitzeko, gozatzeko, elkartzeko eta azken finean askatasunez garena izateko aukerak bi patroi zurrunetara mugatuz; osatzen dugun aniztasuna bazterreratuz. Baina normetan eraikitako kontrol hori jendarte eragin ukaezina du era berean: borrokatzeko, aldarrikatzeko, gure analisiak burutzeko… oztopo bihurtzen dira; herritarron askatasunaren kontrakoak beti, sistema beraren onurarakoak beti.

Errealitate horretatik abiatuta, sistema heterozentrista hau iraultzeko borroka eta dinamika moldeak amaigabeak izan daitezke, eta horretarako burutu nahi dugu Gazte Burdela: bi urterik behin bada ere, jendarte eredu berri baten itxaropenaren zama daramagun elkarte, eragile eta mugimenduok, norma denak hausteko aukera izan dezagun. Ausardiaz eta tinkotasunez. Bidea ondo definituz. Gaztehgam-etik, badakigu nola erantzungo diogun sistema heterozentristari: debekatzen duten guztia euren muturren aurrean egingo dugu. Gainontzeko gizabanako, kolektibo, elkarte eta herri mugimenduak erabaki dezaten nola hautsiko duten inposatutako norma, GazteBurdela herri mugimenduaren arma izatea nahi dugulako, eta Martxoak 24, Durangon elkartuko gara. Norma denak hautsiko ditugu!”

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.