¿Estas de acuerdo con el modelo de transporte?

13 September, 2016

Garraio-kostuak: zenbat gastatzen du urtean EAEko ikasle batek?

EGK-ko Hezkuntza arloak martxan dituen proiektuen artean gazteok ikasteko urteko garraio-kostuak zenbatekoak diren jakiteko azterketa bat burutu du. Hezkuntza Foroa deituriko lantaldean bilduta dauden gazte eta eragileei esker, lurraldeen arteko desorekak daudela ikusi da eta horri nolabaiteko erantzuna eman behar zaiola adostu da.

Datuak aztertzeaz gain, garraio arloari lotutako diru-laguntzak eta deskontuak zeintzuk diren jasotzen ari dira gazteei informazio hori hurbiltzeko eta erraztasunak emateko asmoarekin.

Garraio-kostuak: egitekoen zerrenda

Egitekoen artean proposamenen zerrenda bat osatu nahi da instituzioei helarazteko. Zenbatek ez dugu behin eta berriro errepikatu bidaia txartel bakarra nahi dugula Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeentzako? Izan ere, ikaslearen bizitokiak ez du zertan baldintzatu garraioan zenbat diru gastatu behar duen.

Horretarako datuetan oinarritzeaz gain zure esperientziak eta proposamenak jaso nahi ditugu proiektua biribiltzeko. Animatu eta etorri datorren irailaren 19an Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Bilbon duen egoitzan (Autonomia kalea, 44 baxua) egingo dugun lan-saio irekira. Garraio-kostuen zenbatekoaren azterketaren berri izateaz gain, Hezkuntza arloan burutzen ari garen gainerako proiektuen berri izango duzu eta nahi izanez gero lantaldeko partaide bihurtu gazteon hezkuntza eskubideen alde lan egiteko.

  • Non: Autonomia kalea, 44 baxua
  • Noiz: irailaren 19an arratsaldeko 18etan
  • Zer: Hezkuntza lan-arloak abiatutako proiektuen azalpena, horien artean EAEko ikasleek urtean dituzten garraio gastuak. Hiru lurraldeen alderaketa egin nahi da.

Etortzeko asmorik bai? Mesedez abisatu hezkuntza@egk.eus-era posta elektronikoa bidaliz edo 944.43.61.43ra zenbakira deituz.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.