Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) antolatutako Twitter lehiaketaren epea luzatu dugu. Anima zaitez, parte hartu eta lagundu gure plangintza osatzen!
Ohitura bihurtzen ari da eta aurten ezin genuen kale egin. Urtea amaitzen doan bezala balantzea egiteko ordua da eta datorrena antolatzen hastekoa. Horretan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) zure iritzia kontuan izan nahi du. Zer iruditu zaizu 2016? 30. urteurrenarekin asmatu genuela uste ahal duzu? Lan-arlo bakoitzean egindako egitasmo, proiektu eta txostenak ikusi dituzu? Nondik nora jo beharko genuke? Zer dugu egiteko? Zer eska diezaiokegu erakunde edo administrazioei? Okurritzen zaizun edozer gauza da interesekoa 2017ko Twitter lehiaketa honetan.
Beti bezala, arau minimo batzuk ezarri ditu. Albiste amaieran daude oinarriak osotasunean. Finean, Twitter sare sozialaren bidez hartu beharko duzu parte, mezuak 140 karaktere izan ditzake gehienez, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua zitatu behar duzu (hau da, @GazteKontseilua idatz ezazu) eta denak batera gorde daitezen #EGK2017 traola eraman behar dute txioek.
Zuen esfortzua eskertze aldera sari potenteak izaten saiatu gara:
- 1go saria: Bi sarrera 2017ko BBK Live-rako, hiru eguneko bonoa eta EGK-ko materialen sorta bat.
- 2. saria: Euskal Selekzioaren partidarako bi sarrera eta EGK-ko materialen sorta bat.
- 3. saria: 50 euro txartela bidezko merkataritzan gastatzeko eta EGK-ko materialen sorta bat.
Edozein zalantza edo iradokizun izanez gero idatz iezaguzu komunika@egk.org helbide elektronikora edo deitu Donostiako egoitzara 943 42 97 67 (Jon) eta bota iezazkiguzu. Ahalik eta azkarren erantzuten saiatuko gara.