“4 urtetan Arabak 5.000 gazte galdu ditu eta horrelako gizartea ez da jasangarria”. Hau da EGK-ko presidentea den Itsaso Anduezak azaldu duen mezu nagusia Arabako Batzar Nagusietako Euskara, Kultura eta Kirol Batzoardean egindako agerraldian. Arabako Batzar Nagusietan, Arabako eta euskal gazteen egoera azaldu du, baita aurten lurraldean egindako proiektuak ere.
Hitzaldiarekin hasteko, Anduezak EGKren sorrera, egitura eta gure aniztasunaren balioa eta lan-arlo ezberdinetan aurrera eramaten diren ekimenak azaldu ditu: “SOS Gazteak” eta “Joven, ¿emprender o empierdes?” ikerketak, gazteen parte-hartzerako gida, bake eta bizikidetzan azaroan egingo ditugun ekintzak, eta abar. Gazteen egoera kontatzean dena enpleguari lotuta dagoela azaldu du Anduezak: “ez dago lanik eta lana daukanak duinak ez diren baldintzekin dabil askotan; prekarietate hau dela deta ezin gara emantzipatu edo gure bizitzaren beste eremuak garatu”.
Galderen txandan, beste hainbat gai ere atera dira: Gazteria Legearen inguruko eztabaida eta laster Eusko Legebiltzarrean sortuko den Ponentzia, gazteria politikak, EGKren aurrekontua eta beste proiektuak.
Azkenik, gogoratu behar da azken hilabetean EGK-ko hainbat proiektu zehatz garatu dituela Gasteizen, Gazte Astearen baitan, Udal honekin sinaturiko hitzarmena dela eta.