Iaz Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik bakea eta bizikidetza lan taldea abian jarri genuen. Aurten ere, gazteei gonbidapena luzatu nahi diegu, 2016ko lantaldeko lehen saiora etortzeko, martxoaren 18an, ostirala, 18.30etatik 20.30etara EGKk Donostian duen egoitzan burutuko dena.
2015aren hasieran, EGKk Bakea eta Bizikidetza gaiak lantzeko gazteez osatutako lan taldea sortu zuen. Lan talde honen helburua gai hauekin lotura duten nazioarteko egunetarako ekimenak pentsatzea, prestatzea eta garatzea zen. Besteak beste, taldeak Memoriaren Egunarekin (azaroak 10) lotutako proposamen bat aurrera eraman zuen: Euskadin azken hamarkadetan bizi izan dugun terrorismoa eta biolentzia politikoaren ondorioz egon eta egun dauden biktimen profiletatik abiatuz, sortutako istorio motzak EGKko sare sozialetan partekatzea, informazio-kate bat sustatzeko asmoarekin.
Aurten taldea lanean jarraituko du eta gehitzera animatu nahi zaitugu. Otsailaren 12ko BAKEHIZKETAK topaketan gazte eta gizarte eragileen artean identifikatu zituzten erronkak aztertzea izango da 2016ko xedea. Kontsultatu hemen informazio osoa.
Gazteok etorkizun baketsu baten aurrean ditugun erronka hauek abiapuntutzat hartuta, taldeak errealitate bilakatzeko beharrezkoak izango litzateketen proposamenak eta ekintzak planteatzea izango du helburu.
Era berean, taldea gai hauen gainean ikuspuntuak eta bizipenak partekatzeko gune aproposa ere bada. Bakea eta bizikidetzaren alde lan egin nahi duten gazteak ezagutzeko aukera paregabea!
Animatuko al zara? 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako taldea da hau. Gure asmoa hilean behin, ostiral batean hain zuzen, elkartzea da EGKko egoitza batean, betiere arratsaldez, 18.30etatik 20.30etara. Ondorioz, bidaiaren gastuak gure esku egongo dira!
Izena emateko formulario hau erabili dezakezu.
Informazio gehiago nahi izanez gero, 943-429767 telefono zenbakira deitu edo bakea@egk.eus posta elektronikora idatzi (Elvira, bakea eta bizikidetza teknikaria).