Zabalguneko Merkatuan egingo den ekitaldiak Kontseiluaren lau hamarkadako historia eta gazteek Euskadiren garapenean duten indarra goratuko ditu.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) lau hamarkada bete ditu gazteon parte-hartzea, eskubideak eta ahotsa bultzatzen. Urtebetetze borobil hau ospatzeko, ekitaldi instituzional eta sozial handia antolatu dugu datorren urriaren 22an, asteartea, 18:30etik aurrera, Bilboko Zabalguneko Merkatuan.
“Gure Ahotsa, Gure Indarra” lelopean, ekitaldiak Kontseiluaren iragana, oraina eta etorkizuna uztartuko ditu ordubeteko ekitaldi dinamiko batean. Topaketaren une nagusietako bat EGKren lau hamarkadako ibilbidea, borrokak eta lorpenak jasotzen dituen dokumental bereziaren estreinaldia izango da; Kontseiluaren historia eraiki duten pertsonen testigantzak eta bizipenak bilduz.
Horrez gain, ekitaldiak esparru berri bati bide emango dio: Izatea Sariak banatuko dira. Euskadiko gazteriaren lehen sari hauek gazteek Euskadiren garapenean egindako ekarpena eta konpromisoa publikoki eta instituzionalki aitortzeko jaio dira. Behin ekitaldi nagusia amaituta, urteurrenari amaiera bikaina eta informala emateko, luntx-a eta DJ-a egongo dira bertaratutako guztientzat.
Parte hartu ekitaldian
Ospakizun honen parte izan nahi duten pertsona, elkarte eta erakunde guztiek izena eman dezakete jada webgunean eskuragarri dagoen galdetegiaren bidez. Plazak mugatuak direnez, etortzea argi duten horiei izen-ematea lehenbailehen egitea gomendatzen zaie.
👉 https://forms.gle/Qg4zqQTvGH3Hgj5Y7
Informazio gehiago nahi baldin baduzue, deitu 944436143 / 688676099 (Aitor) telefonora edo idatzi partehartze@egk.eus helbidera. Zatoz gurekin gure historia eta gazteon indarra ospatzera!