Gazteon egoera sozioekonomikoa ez da ez nahi duguna eta ez behar duguna - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

27 December, 2018

Gazteon egoera sozioekonomikoa ez da ez nahi duguna eta ez behar duguna

Gazteon egoera sozioekonomikoa ez da ez nahi duguna eta ez behar duguna”. 2018an zehar, ziurrenik, gehien errepikatu dugun esaldia izan da. Zoritxarrez, askotan errepikatzeak ez du asko hobetu. Bataz beste, soldata 996€koa da. Eta denok dakigu horrelako estatistika orokorrek zer esan nahi duten. Beste hainbat egoera daudela zenbaki horietatik urrun: prekarietatea, ordu extrak, lanaldi partziala, behin-behinekotasuna, langabezian dauden gazteak, laneratzea hain zaila ikusita ikasten jarraitzea erabakitzen duten gazteak, etab. Egoera okertzen duten faktoreak(generoa, aniztasun funtzionala, arraza….) ere badaudela ahaztu gabe.

2018an egindakoa

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) bizitza-proiektu duina eratzea posible izatea nahi dugu, emantzipatzeko aukera izatea baina orainaldia eta etorkizuna hipotekatu gabe. Ahal izan dugun guztietan aldarrikatu dugu hau, bereziki urtero egiten ditugun adierazpenetan nazioarteko egunen harira, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean edo Lan Egokiaren Egunean, besteak beste.

Zoritxarrez, ez dira egin behar izan ditugun adierazpen bakarrak. Hiru kasutan lanean ari zela edo lanera bidean zihoala zendu den gazte baten heriotza salatu behar izan dugu: ekainaren 6an, irailaren 14an eta urriaren 3an. Bai protokoloan, bai aurrez aipatutako bi adierazpenetan jorratutako salaketa, eskari eta hobekuntza proposamenak Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean egindako agerraldian aurkeztu genituen.

Eta 2019an, zer?

Aipatutako egoera ez da bat-batean aldatuko, beraz, gertuko jarraipena egingo diegu zehazten diren politika publikoei. Era berean, ateratzen diren indikadore eta datuak gizarteratuko ditugu kontzientziazioa zabal dadin. Esaterako, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala zein den eta aniztasun funtzionala duten pertsonen kontratazioaren bilakaera zein den.

Horretaz gain, 2018 amaieran jorratutako #EuroEmantzipatu txostena edo Formakuntza Duala aztertzeko Hiruburuen ondorioak kontatuko dizkizugu eta Donostiako gazteen egoera sozioekonomikoa ezagutzeko antolatutako #GaztEmantzipazioa jardunaldiari jarraipena emango diogu.

Oraindik plangintza ez dugu erabat zehaztu, beraz ideiarik izanez gero bidal iezazkiguzu bizibaldintzak@egk.eus helbidera edo deitu 945 22 06 01 zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.