-
2016ko lan istripuen %14,8a gazteek izan zituzten, biztanleria okupatuaren %10,4a soilik direnean
-
Lan arriskuen ebaluazioa genero-ikuspegi batetik egitea garrantzitsua eta beharrezkoa da
Atzo arratsaldean agerraldia izan genuen Eusko Legebiltzarrean gazteok sufritzen dugun prekarietatearen ondorioz lan-istripu bat izateko aukera bikoitzak ditugula salatzeko. Maialen Olabek, EGK-ko presidenteak, eta Joseba Bergaretxek, Enplegu eta Etxebizitza teknikariak, prekarietate egoera salatu zuten eta gizartean orokorrean dagoen arazo bat dela azpimarratu zuten, batez ere, gazteok sufritzen duguna. Izan ere, krisi ekonomikoak eragina izan badu ere, ez da faktore bakarra. Horren erakusgarri da 2017ko laugarren hiruhilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %15’1a langabezian zegoela. Eta azken boladan datua jaitsi bada ere, kontratazio sistema ez da egokiena.
Era berean, mahai gainean jarri genuen gazteoi eskaintzen zaizkigun lehen aukerek ez dutela bizi-proiektua eratzea ahalbidetzen, asko bekak edo praktikak baitira. Hauek lanpostuak betetzeko erabiltzen badira, ikasketetatik lan mundura jauzi egitea zailtzen duten neurri bihurtzen dira eta ondorio arriskutsuak dakartzate: ez dago harreman zuzena enpresa eta langilearen artean, gazteok ez dugu beste langileek bezain beste eskubide, behin behinekotasuna eta lanaldi partzialak ohikoak dira, soldata baxuak, prekarietatea, etab.
Lan eta Justizia Batzordearen aurrean egindako agerraldian lan-segurtasun eta -osasuneko prebentzio eta neurriei buruz EGKren ikuspegia azaldu eta proposamenak egitea izan zen helburua. Horretarako, Emantzipa… Zer? Lantaldeak eta Enplegu eta Etxebizitza lan-arloak garatutako lan-istripuen aurkako protokoloa, Lan Egokiaren aldeko kanpaina eta Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira ateratako manifestua aurkeztu genituen. Zer dioten hauek? Besteak beste:
- Prekarietate honen ondorioz, pertsona gazteok lan-istripu bat izateko ditugun aukerak helduak dituztenak bikoizten ditu
- 2016an izan ziren lan istripuen %14,8a gazteek izan zituzten, biztanleria okupatuaren %10,4a soilik direnean
- Lan-istripuen protokoloa lau aldiz aktibatu dugu. Zoritxarrez, bitan, langilea zendu egin zen
Legebiltzarrean egindako proposamenak
Aipatutako hiru txostenetan, gainera, hainbat proposamen jorratu dira: bekak zein praktika kontratuak aztertzea eta lanpostu bat betetzeko erabiltzen ez direla bermatzea, ordu extrekin egoera txarrik ez sortzea, egindako lana kontratuan islatzea, bidezko soldatak eskaintzea bizi-proiektua ez hipotekatzeko, behin behinekotasuna eta lanaldi partziala arau ez izatea, lan arriskuen prebentzioari garrantzi gehiago ematea eta ikastaro eta formazioa gazteei ere heltzea, batez ere istripu-tasa altuak dituzten sektoreetan.
Genero-ikuspegia lan osasunean
Azkenik, legebiltzarkideen aurrean izandako agerraldia probestu nahi izan genuen arreta berezia jartzeko emakume gazteen egoeran. Izan ere, zaila bada lan munduan emakumea edo gaztea izatea, are gehiago bi faktoreak elkartzen badira. Hori lan-segurtasunarekin uztartuz, mahai gainean jarri genuen azken urteen gizonen istripu kopuruak behera egin duela eta emakumeena ez dela jaisten ari. Zergatik? Emakumeen egoera gutxi aztertzen delako. EGKn oso garrantzitsua ikusten dugu lan osasunean genero-ikuspegia txertatzea, ezin baita ahaztu egoera askoz prekarioagoa dela. Horregatik, legebiltzarkideei eskatu genien langileak genero-ikuspegi batetik formatzea eta lan arriskuen ebaluazioa genero ikuspegi batetik egitea ere.