Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, gazteen emantzipazio-ereduak lantzen ari da. Gaur egungo Euskadiko gazteen arazo handietako bat emantzipatzeko ezintasuna da. Lan-baldintza kaskarrek eta etxebizitzaren prezio altuek asko oztopatzen dute bizitza-proiektu autonomo bat eraikitzen hastea.
Emantzipatzea ez da erraza inon, baina Europako kasuan lehenago eta errazago ematen dute gurasoen etxetik irteteko pausoa. Europako zenbait politika erreferentziazkoak bihurtu dira eta Euskadin aplikatzeko ideia interesgarriak egon badaude.
EGKren nahia gazteei emantzipatzeko aukera errealak ezagutaraztea da. Horretarako, datorren apirilaren 26an, osteguna, arratsaldeko 18:00etan Bilboko Dock gunean #EuroEmantzipatu jardunaldia antolatu du EGK-k. Bertan, Jordi Bosch adituak emantzipazio eredu ezberdinak aztertuko ditu. Solasaldiaren ostean, taldeetan elkartu eta gaiaren gainean eztabaidatu eta ekarpenak egiteko tartea egongo da.
Denon artean hitz egiteko foro bat izango da, modu informal eta giro onean emantzipazio aukerei buruz solasteko. Beraz, zu ere gonbidatuta zaude adituen iritziak entzun eta zure ekarpenak egitera.
Ekitaldian izena emateko hurrengo formularioa bete edo helbide elektroniko honetara idatzi: bizibaldintzak@egk.org.
Gogoratu! EGK-ren ekintzak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. EGKren ekintzetara joateko garraio publikoko gastuak beti ordaintzen dira. Autobus, tren, metro… txartel originalak edo Internet bitartez jaitsitakoak eta antolakuntzak erraztuko duen gastu orria beteta ematearekin, gastatutakoa bueltan izango du jardunaldira bertaratzen den gazteak.
Dock gunea (Bilbao Berrikuntza Faktoria)
Uribitarte pasealekua, 6. Bilbo
2018-04-06
18:00etan