2019an emandako aldaketek jarraitutasuna izan dezatela

2019an emandako aldaketek jarraitutasuna izan dezatela

Aldaketa askoko urtea izan da 2019a eta, aldi berean, hainbat kontuk berdin jarraitzen dute. Hainbat gazte, gazte-elkarte eta eragilerekin elkarlanean aritu gara hamabi hilabetez eta bertatik bildutako iritzi, hobetze-proposamen eta aldarrikapenak administrazioei helarazi dizkiegu. Eta, nola ez, eskaini zaigun aukera bakoitzean gizarteratu ditugu ere. Baina ez da nahikoa izan.

Honekin ez dut ezkorra izan nahi edo mezu alarmista zabaldu. Lana gogor egin dugu eta sinetsita gaude bidea hau dela, adostasunetik eraikitako eta prozesu parte-hartzaileen bitartez diseinatutako neurriek emaitza hobeak ematen dituztelako. Izan ere, bideratuta dauden pertsona eta kolektiboen beharrizanak kontuak hartzea eta hauei erantzutea errazagoa da hala egiten denean.

Gazteok bizi dugun egoera ez da ez nahi eta ez merezi duguna. Bizitza-proiektu autonomoa eratzea zailagoa da, gero eta gehiago atzeratzen doa eta ez dirudi epe laburrean aldatuko denik. Honek, gainera, ez du eragina gugan soilik. Gizartea osoan eragiten du. Horregatik da garrantzitsua politika publikoetan zeharkakotasunez lantzea eta diseinatzen diren neurriek gazteon bizitzarengan zein eragin izango duten kontuan hartzea. Lanpostuak sortzean, esaterako, prekaritatea ez sustatzea.

Hainbatetan nabarmendu da gazteok pairatzen dugun prekaritatea. Emantzipa… Zer? lantaldetik maiz salatu ditugu baldintza kaskarrak eta kontratazio duinak aldarrikatu. Aurten, gainera, azken boladan sona asko izan duen Formakuntza Duala aztertu dugu, zein den gazteen bizitzan duen eragina eta esperientzia horietatik abiatuz ikastetxe zein enpresei bideratutako proposamen mordoa pilatu ditugu. Garrantzitsua da kalitatezko baldintzak eskaintzea, beka eta praktiken erabilerari gertukoago jarraipena egitea eta ikuskaritza handitzea gure eskubideak bermatzeko.

Hala ere, emantzipatu eta gure bizitza proiektuari aurre egiteko neurri gehiago behar ditugu. Alokairua edo etxebizitza jabetzan izatea izan dira ohiko ereduak eta argi geratu da bestelakoak aztertzea beharrezkoa dela. Izan alokairu soziala, belaunaldi arteko elkarbizitza, cohousinga, pisu solidarioak… Aukera gehiago eskaini behar dira, turistifikazioa, pisu turistiko eta gentrifikazioaren eraginak aztertzeaz gain. Hori izan da 2019an sortu dugun etxebizitza lan-arloaren asmo nagusia. Europako ereduak aztertu dira, baita jada gurean abian daudenak, besteak beste, Usurbilgo Udalaren Txirikorda proiektua.

Etorkizuneko gizartea

Etorkizunari begira honelako eta beste hainbat kontu Gazteriaren Euskal Legean zehaztuko dira. Eusko Jaurlaritzak aurreproiektu-proposamena aurkeztu ostean topaketa egin genuen apirilean Bilbon. Guretzat oso garrantzitsua zen ahalik eta eragile anitzenak batzea diagnostiko zabal eta osatuena egiteko. Hainbat ekarpen egiteaz gain Legebiltzarreko taldeekin batu gara gure iritzia plazaratu eta hauek sakontasunean azaltzeko.

Horietako bat izan da genero-ikuspegia txertatzea. Martxoaren 8an aldarrikatu zen bezala, bizitzako esparru guztietan eragin behar da. Hori buruan eta matxismorik gabeko gazteri eta gizarte bat eraikitzea jomuga izanda, proiektu guztietan zeharkakotasunez landu dugu berdintasuna: bizikidetzan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko bidean islamofobiak eragiten duen zapalkuntza bikoitza aztertu dugu; emakumeak parte-hartzean aurkitzen dituen oztopo eta beldurrak aztertu ditugu, bai EGK barnera begira Eragin #Plazandre proiektuarekin zein gizarteko beste eragileekin elkarlanean #Hitzartzen mahai-inguruan; hezkidetzaren garrantziaren jakitun, hezkuntza ez formalean izan duen bilakaera eta astialdiko taldeen esperientzia bildu dugu; Indarkeria Matxista eta LGBTI+fobiko ororen aurrean #GukEzetz! jarrera erakutsi dugu, baita 0 tolerantzia aldarrikatu.

Baina ez da nahikoa izan. Horei bai, bide onetik goaz. Erronkak parez pare hartuko ditugu eta gogor egingo dugu lan hauei irtenbidea amaitzeko. Eta bidean sortzen direnekin berdin jokatuko dugu. Beti bezala, ahalik eta eragile gehienekin elkarlanean. Jomuga berdina dugun bidaideen arteko sinergiak ezinbestekoak dira gazteon eskubideak defendatzeko.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2019-12-18
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.