Askotan aipatu da, baina zer esan nahi du zehazki gentrifikazioak? Gazteen Euskal Behatokiaren arabera pertsonek “espekulazioak, turismoak eta beste faktore batzuek eragindako prezio-igoerari aurre egin” ezin diotenez, “hirietatik, eta gehien-gehienetan, hiriguneetatik kanpora” joan behar izaten dutela (81. orrialdean).
Askotan aipatu dugu alokairu pribatuaren prezioak asko larritzen gaituela. Eustaten azken datuen arabera batez besteko prezioa 1.047€koa da. Horrek, argi dago, gazteon emantzipazioa zailtzen du. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan gentrifikazioa mahai gainean jarri nahi dugu errealitate horren arrazoiak aztertzerakoan. Izan ere, egun ditugun lan baldintza eta soldaten ondorioz, gazteoi modu zuzenean eragiten digu. Bereziki, alokairu prezio altuei aurre egin ezin diegulako. Ondorioz, beste eremu batzuetara alde egin behar dugu.
Proposamenak egiteko unea
Egoera honen aurrean, Emantzipa… Zer? lantaldean proposamen bila gabiltza. Gaia landu eta gazteon iritzi, proposamen, ideia eta beharretatik oinarrituta administrazioari helarazteko proposamenak sortzeko lanean jarraituko dugu.
Orain arte bestelako emantzipatzeko ereduak aztertzen hasi gara, bai Europan jorratutakoak #EuroEmantzipatu proiektuaren bitartez eta bai jada Euskadin aurrera eramaten ari direnak. Lehenean Herrialde eskandinaviarretako (Suedia, Finlandia, Norvegia edo Danimarka) eredu sozialdemokrata aztertu genituen Jordi Bosch adituaren eskutik. Era berean, Lisa Vollmer aditu alemaniarrak doktoretza tesirako Berlin zein New York-eko errentarien mugimenduak aztertu ditu eta argitaratu berri duen Strategien Gegen Gentrifizierung (Gentrifikazioaren aurkako estrategia) liburuan bildu ditu ondorio nagusiak. Berlingo errentarien mugimenduko kide izanik herri mugimendutik lantzen du gaia. Argia aldizkariko albiste honetan azalpen gehiago.
Bigarrenean, besteak beste, Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa, UPV/EHUko belaunaldi arteko elkarbizitzarako programa, pisu solidarioak eta co-housinga, KuVu elkarteak sustatuko programa edo Usurbilgo, Donostiako eta Gasteizko udalek bultzatutakoak lehen eskutik ezagutu ditugu.
Irailetik aurrera zure txanda
Honen asmoa ahalik eta eredu gehien aztertzea eta ulertzea izan da, ostean urriaren 3an Gasteizen eta azaroaren 7an Donostian antolatuko ditugun Hiruburu dinamiketan eredu berrietan fokua jartzeko eta hauek ezagutzeko eta ulertzeko. Azkenik, Euskadi mailan zer eta nola aplikatzea nahi dugun landuko dugu.
Nola ez, bestelako eredu gehiago ezagutuko bazenitu kontatzea eskertuko dizugu. Eta buruan ditugun ekimenei buruz informazio gehiago nahi baduzu, bota lasai. Edozerekin idatz iezaguzu etxebizitza@egk.eus helbidera edo deitu 94 44 36 143 (Luisa) zenbakira.