EuroEmantzipatu: gazteon emantzipazioa ahalbidetzeko eredu azterketa - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

EuroEmantzipatu jardunaldiko ondorio-txostena

  • Egungo gazteen emantzipatzeko arazoei aurre egiteko Europako aukera berritzaileak aztertu ditugu Euskadin zer aplika daitekeen ikusteko

Batez beste Euskadiko gazteok 24,2 urterekin emantzipatu nahi dugu eta gure bizitza-proiektu autonomoa aurrera eraman. Zoritxarrez, errealitatea oso bestelakoa da. Izan ere, Gazteen Euskal Behatokiak kaleratutako Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2017 txostenaren arabera emantzipatzeko batez besteko adina 29,9 urtekoa da, teknikoki gazte izateari uzten zaionean.

Egoera honen jakitun, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK), Bizkaiko Foru Aldundiarekin (BFA) elkarlanean, gazteen emantzipazio-ereduak landu ziren 2018an zehar #EuroEmantzipatu proiektuaren bitartez. Lan baldintza kaskarrek, soldata baxuek, behin-behinekotasunak edo etxebizitzaren prezio altuek (jabetzan zein alokairuan) asko oztopatzen dute bizitza-proiektu autonomoa eraikitzen hastea. Eta egiten denean etorkizuna hipotekatzera behartzen gaituzte sarritan.

#EuroEmantzipatu jardunaldiko txostenaren muina

Errealitatea ezagututa, zein dira aukera errealak? #EuroEmantzipatu txostenaren asmoa hauetan sakontzea da. Europan orain arte martxan jarri diren ereduak aztertu dira eta, ostean, Euskadin baliagarriak izan daitezkeen aztertzen da, baita nola aplikatu ere. Bestetik, EGKn ohikoa den bezala, gazteen ahotsa mahai gainean jartzeko apirilaren 26ko jardunaldira bertaratu zirenek plazaratutako iritzi, proposamen eta iradokizunak bildu dira, besteak beste:

  • Alokairuaren sustapena: Euskadin, alokairuaren urritasuna eta honen prezio altua arazo larria bihurtu da. Hori dela-eta, etxebizitza-politikek gai horri heldu behar diote. Besteak beste, etxebizitza politiketan alokairu sozialaren sustapen estrategikoa izatea gazteok etxebizitza gastuetara gure diru-iturrien %30a baino gehiago bideratu behar ez dezagun.
  • Enplegu arloan gazteok pairatzen dugun prekaritatearen aurkako neurriak hartzea. EGK-k Prekarioka txostenarekin egin bezala, enplegu arloan existitzen diren egoera prekario anitz salatzea ezinbestekoa da; hala nola, praktika ez laboraletan, beken arloan edota formazio kontratuetan ematen diren prekarizazio egoerak.
  • Turismoaren fenomenoak dakartzan ondorioak aztertu eta neurriak hartzea. Gazteak kezkatuta azaltzen dira garatzen ari den turismo eredua izaten ari den ondorioekin. Izan ere, aurrez aipatutako prekaritatea areagotzen ari da eta, gainera, etxebizitzen prezioaren igoeran eragina du.
  • Dirulaguntzen beharrezkotasuna. Etxebizitzarako dirulaguntzak epe luzerako politika sakonagoak lantzen diren bitarterako neurri gisa ulertzen dituzte gazteek. Hots, ez dituzte irtenbide integral gisa ulertzen. Are gehiago, finantzaketa handiago baten premia nabarmentzen dute.

Eta zuri, zer iruditu zaizu EuroEmantzipatu ondorio-txostena? Nola ikusten dituzu mahai gainean jarritako ereduak? 2018an jorratzen hasitako bidetik jarraitu nahi dugu aurten, Euskadiko gazteontzat sortzen ari diren aukera berriei ikusgarritasuna emanez eta mahai gainean jarriz. Batetik, etxebizitza arloan Europan egiten dena gertutik jarraituko dugu; eta, bestetik, EAEn loratzen ari diren ereduei erreparatuko diegu. Beraz, gaia interesekoa baduzu eta eguneratua egon nahi baduzu idatz iezaguzu etxebizitza@egk.eus helbidera edo deitu 945 22 06 01 zenbakira.

Txostena deskargatu