Gazteontzako lanpostu egokiak orain!

22 October, 2020

Gazteontzako lanpostu egokiak orain!

Egoera bat berria ez izateak ez du esan nahi sozialki onartua dagoenik edo egon beharko lukeenik. Horixe gertatzen da gazteok pairatzen dugun prekaritatearekin. Eta ados ez gaudenez azken urtean enplegu eta etxebizitza lan-arloetako Emantzipa… Zer? lantaldetik #LanEgokia kanpaina egin dugu gazteon iritzia biltzeko, lanpostu bati zer eskatzen diogun nabarmentzeko, arazoak identifikatzeko, proposamenak garatzeko eta lanpostu egokiak orain nahi ditugula aldarrikatzeko.

Maiz langabezia-tasarekin soilik batzen da gazteon enplegu egoera, nahiz eta askoz ere sakonagoa den. Eta okerragoa. 2008ko krisi ekonomikotik gazteontzako bizitza proiektu bat sortzea zaila izan da. Lan munduan gazteen gehiengoa prekarizazio egoeran egon da. Esan dezakegu, langabezia-tasa jaitsi zen arren, sortutako enplegu askoren errealitatea aztertu beharko litzatekeela. Zergatik uste dugu aztertu behar direla? Gazteen Euskal Behatokiko 2018ko datuei erreparatuz ikus daitekeelako gazteen batez besteko soldata 1.164€ko dela. Gainera, %30,3a jardunaldi partzialean dago eta behin-behinekotasun tasa %68,1koa da. Gutxi balitz, datuekin jarraituz, kontuan izan behar da emakume gazteen kasuan are larriagoa dela errealitatea.

Aurretik geneukan egoeraz gain, COVID-19ak egoera are ezegonkorragoa egin du zaila badirudi ere. Gazte asko ERTEan egon dira, beste asko kaleratu dituzte eta, horrek, eragin zuzena izan du bizitza proiektuan. Erantzuna ematea ezinbestekoa da, epe motzera bideratutako neurriez gain epe ertain eta luzera egoera estrukturalki hobetzekoekin. Bestelakoan, 2008an gertatu bezala, proposatutako irtenbideen bitartez akats berdina sortuko eta arazo berdinak pairatuko ditugu. Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) lan egokiak sortze eta sustatze aldera ondorengo proposamenak landu eta aurkeztu nahi ditugu.

Zer eta nola egin

Lehenik eta behin, administrazioei lan egonkorrak eta horien kalitatea sustatzea eskatzen diegu. Horretarako, garrantzitsua da beka eta praktika formulen erabilera okerrarekin bukatzea. Hau da, ez erabiltzea lanpostuak betetzeko. Era honetara, formula hauek formakuntza prozesuetan geratuko lirateke lanpostu merkeak sortu beharrean. Aldi berean, iruzurreko baldintzatan dauden enpleguak ekiditeko garrantzitsua da ikuskaritza  areagotzea eta kalitatezkoa izan dadila bermatzeko baliabide gehiago bideratzea. Gainera, salaketak egiteko mekanismoak hobetzea ezinbestekoa da gazteok aske adierazi ahal izateko eta beldurra ez izateko.

Bestetik, kontuan izanda aurkeztutako emakumezkoen datuak, ezinbestekoa da emakume eta gizon gazteen arteko berdintasuna erreala sustatzea. Horretarako, funtsezkoa da lan munduan berdintasun-planak sustatzea eta hauek paper hutsean edo bulego bateko armairu batean amaituko ez dutela bermatzeko neurriak hartzea. Gainera, gaur egun, jatorriagatik, identitateagatik edo adinagatik lan diskriminazioa errealitate bat izaten dirau. Horregatik, egoerari aurre egiteko eta horrekin bukatzeko oso garrantzitsua da administrazioek, enpresek eta hainbat gizarte eragile elkarlanean aritzea eta ezarritako neurriak betetzen ez diren kasuetarako isun gogorrak ezartzea.

Era berean, gazteok pairatzen dugun prekaritatea iraultzeko eta eskaintzen zaizkigun lanpostuak egokiak izan daitezen ahalik eta informazio eguneratuena izatea funtsezkoa da. Horrela neurriak benetan eraginkorrak izango dira. Izan ere, langabezia datua da soilik maiz eguneratzen dena, nahiz eta kasu horretan ere hobekuntzak eman daitezkeen, besteak beste, lurraldeka, generoka edo adin-tarteka desagregatuz. Emandako garrantzia honek ezin du adierazi kopurua denik helburu bakarra, lanpostuen kalitatea ere bermatu behar baita. Eta horretarako batez besteko soldata, aldi-baterakotasuna, lanaldi partziala, gain kualifikazioa, kontratu gabe daudenen ehunekoa edo soldata arrakala azaltzen dituzten datu eguneratuak behar ditugu.

Manifestuan jasotako beste proposamenen artean, gutxieneko soldata duinaren eskaera egiten da. Kalitatezko bizitza proiektu bat garatzeko aukerak egon behar dira eta horretarako soldata duinak jasotzea ezinbestekoa da. Ezin dugu ahaztu, gazteon eta gizartearen arteko soldata arrakala ematen dela eta horrekin bukatu behar dela. Gaur egungo soldata minimoa ez da nahikoa bizitza proiektu bat aurrera eramateko, hori izanik gazteen prekaritate arrazoietako bat.

Azken finean, bizitza proiektu batean faktore ezberdinak eragina dute eta etorkizunera begira, gizarte duin bat sortu nahi badugu ezinbestekoa da orain dauden arazo edo kexkak berriztea. 2008ko krisitik ikas dezakegu gizartean orokorrean hobekuntzak emateko. Gazteontzako lanpostu egokiak orain eskainiz. Gainerakoan gizarte osoak pairatuko ditu kalteak. Bigarrena bai da ziurra.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2020-10-21
Artikulu originala Gazteberri Aldizkarian

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.