Egoera bat berria ez izateak ez du esan nahi sozialki onartua dagoenik edo egon beharko lukeenik. Horixe gertatzen da gazteok pairatzen dugun prekaritatearekin. Maiz langabezia-tasarekin soilik batzen da gazteon enplegu egoera, nahiz eta askoz ere sakonagoa den. Eta okerragoa. Horregatik, gaur, urriak 7, Lan Egokiaren Nazioarteko Egunean, 8* elkarte atxiki diren manifestu hau kaleratzen dugu lanpostu bati zer eskatzen diogun nabarmentzeko. Eta, aldi berean, sareetan abiatutako #LanEgokia kanpaina oroitzen dugu. Kontaiguzu bertan zurea! Pairatzen dugun prekaritatearen aurrean #LanEgokia!
Argitaratutako azken datuen arabera (2020ko II. hiruhilekoa) gazteon artean langabezia-tasa %27,2koa da. Maiz eguneratzen den datua da, hiru hilero, eta lurraldeka, generoka edo adin-tarteka desagregatuta egon ohi da. Eta hori ondo dago honela politika publikoak zehatzagoak egin daitezkeelako. Hala ere, ematen zaion garrantziaren arrazoiaz ere hausnartu behar da. Zergatik ez da jartzen hainbeste fokua sortzen diren lanpostuen baldintzetan? Zoritxarrez, adierazgarriak diren beste hainbat datutan iturria ez dago hain eguneratua:
- Batez besteko soldata: 1.164€ (2018)
- Aldibaterakotasuna %68,1 (2018)
- Lanaldi partziala %30,3 (2018)
- Gain kualifikazioa %52,7 (2015)
- Kontratu gabe %5,6 (2017)
- Soldata arrakala: Emakumeek 1.025€ eta gizonez 1.157€ (2017)
Langabezia tasa ez da arazo bakarra
Gazteok pairatzen dugun prekaritatea iraultzeko eta eskaintzen zaizkigun lanpostuak egokiak izan daitezen ahalik eta informazio eguneratuena izatea funtsezkoa da. Horrela neurriak benetan eraginkorrak izango dira. Eta enpleguak hobeak: soldata duinekin gure bizitza-proiektua modu autonomoan egin ahal izateko etorkizuna hipotekatu gabe; ordutegia beteko dela bermatuz ordu extrak ez sartzeko; lanpostuaren ezaugarriei buruzko informazioa jasoko dugula, osasun eta segurtasun baldintzak bermatuko direla eta lan istripuak saihesteko baliabideak jarriko direla; emakume eta gizonen arteko arrakalak, segregazio horizontala eta kristalezko sabai ekiditeko neurriekin (besteak beste, berdintasun planak edo diskriminazio positibokoak)… Eta noski, aurreko guztia betetzen dela bermatzeko kalitatezko ikuskaritza eta isunak.
Horregatik, aste honetan zehar #LanEgokia traolaren bitartez zure iritzia jaso nahi dugu Twitter eta Instagram sareetan. Egoera irauli nahi dugulako eta gure lanpostuen baldintzak aldarrikatzeko unea delako. Eta nahiago baduzu bidali emailez bizibaldintzak@egk.eus helbidera.
*Manifestu honetara 8 elkarte atxiki dira: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), LSB-USO Euskadi, CCOO Euskadi, Euzko Gaztedi, Gazte Abertzaleak, Gazteen Gurutze Gorria, EKO-ACG, Rebeldia eta Pastoral Obrera.