Emantzipatu baina bizitza-proiektua hipotekatu gabe

4 July, 2018

Emantzipatu baina bizitza-proiektua hipotekatu gabe

Emantzipatu baina bizitza-proiektua hipotekatu gabe. Eskari sinplea eta zentzuzkoa bada ere, egungo egoera sozioekonomikoak asko zailtzen du lortzea. Are gehiago gazteon kasuan. Eta zer esan emakume gaztea izanda. Ez da ez nahi eta ez merezi dugun egoera. Horregatik, enplegu eta etxebizitza lan-arlotik eta honen Emantzipa… Zer? lantaldetik politika publikoak aztertzen ditugu hobekuntzak egiteko, gazteon aldarrikapenak mahai-gainean jartzeko eta gure ahotsa kontuan hartzen dela bermatzeko.

2018ari zukua ateratzen

Abiapuntua ezagututa, zer egin? Datuak txarrak dira, baina horrek ezin gaitzake ito. Ekiteko asmo horretatik hainbat posizionamendu publiko egin ditugu, esaterako Soldata Berdintasunaren Europako egunean, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, pentsiodunen aldarrikapenen harira edo Legebiltzarrean egindako agerraldian. Azken honetan, gazteok lan istripuak izateko aukera bikoitzak ditugula salatu genituen eta, nola ez, gure proposamenak bertaratu genituen: prekarietatearekin amaitzea, ikuskaritza handitzea eta ziurtatzea, genero-ikuspegia txertatzea prebentzio-politiketan eta lan osasunean.

Honekin estuki lotuta, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean manifestua kaleratu genuen lan istripuetatik zein gaixotasunetatik haratago doan egoera dela nabarmentzeko. Ezin ahaztu ekainean lan istripuen aurkako protokoloa aktibatu behar izan genuela lanera bidean zihoan gaztearen heriotzagatik.

Urte amaiera arte galtzak bete lan

Ikusiko zenuen bezala 2018a gogotsu hasi dugu. Orain udan, oporrak tartean, atseden hartu eta irailetik aurrera hainbat proiektu jorratuko ditugu: Formakuntza Duala eta honen inplementazioa Gipuzkoan, #EuroEmantzipatu jardunaldiari amaiera emateko txostena, Gazte Label zigilua, formakuntza-saioak… Ez da izango gogo faltagatik! Eta, noski, zuk ere parte-hartzea nahiko genuke dena fin ateratzeko.

Beti bezala, gure lanari buruz gehiago jakin nahi izanez gero edo proposamen edo iradokizunik izanez gero, bizibaldintzak@egk.org helbidera idatz dezakezu edo 945 22 06 01.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.