Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Soldata Berdintasunaren Europako eguna baliatu nahi du euskal gazteen artean dagoen soldata arrakalaren arazoa mahai gainean jartzeko.
Emakumea edo gizona izatea bada oraindik soldata determinatzen duen aldagai bat. Gizartean dagoen arrakala hau argi erakusten dute datuek. INEren Soldata Egituraren Urteroko Inkestaren arabera, 2015 urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan, gizon eta emakumeen errentaren bataz bestekoaren artean 7500€ko aldea zegoen (31.088€ gizonek, 23.537€ emakumek). Emakumeen errenta gizonena baino %24 baxuagoa izan zen beraz.
Soldata arrakala hau murritzagoa izan ohi da gazteen artean, nagusiki goi ikasketadun emakume gehiago daudelako belaunaldi berrietan. Nolanahi ere, kontuan edukita gazteen soldaten prekarietatea, lanaldi murriztuak eta aldi baterako soldaten ugaritzea, EAEko emakume gazteek gizonek baino ordu gehiago egin behar dute lan hauek adina irabazteko.
Gazteen Euskal Behatokiak 2015an ikertutakoaren arabera, EAEko 16-29 urte bitarteko gazteek 996€ irabazten dituzte bataz beste. Gizonek 1195€ irabazi bazituzten, emakumeen soldata %23 murritzagoa izan zen: 867€-koa.
16 eta 29 urte bitarteko gazte okupatuen batez besteko soldata, sexuaren eta lanaldi motaren arabera | |||
Guztira (€) | Emakumeak (€) | Gizonak (€) | |
Batez besteko soldata, guztira | 996 | 867 | 1125 |
Lanaldi osoan lan egiten dutenen batez besteko soldata | 1195 | 1119 | 1242 |
Lanaldi partzialean lan egiten dutenen batez besteko soldata | 605 | 607 | 599 |
Iturria: “Gazteak eta Enplegua Euskadin 2015″. Gazteen Euskal Behatokia |
Soldata arrakala, segregazio horizontalaren erakusgarri bat gehiago
Soldata arrakala ordea, gizon eta emakumeen arteko lan baldintzen desberdintasun ekonomikoaren isla bat baino ez da. Gaur Nazioarteko eguna soldata-berdintasunarentzat bada ere, EGKtik desoreka sortzen duten erroko bestelako hainbat ezberdintasunetan jarri nahi dugu fokua. Izan ere, ezberdintasunak ez dira soldatetara murrizten. Lanaldiari dagokionean esaterako, emakumeen %48,9ak lanaldi partziala dute; gizonen kasuan, ehunekoa %22,1era jaisten da. Funtsean, segregazio horizontala azaleratzen duten errealitateak dira soldataz gaindiko elementu hauek.
EGK-k berdintasun lan-arlotik landu izan duen modura, segregazio horizontala da emakumeek lan-arloan pairatzen duten arazo nabarmenenetako bat. Sektore batzuen feminizazioak ‘emakumezkoenak’ diren lanpostuak sortzen ditu eta hauen balorazio ekonomiko eta soziala kaxkarragoa da. Gainera, maskulinizatuak dauden sektoretan sarbide eta aurreratze zailtasunak handiagoak dira emakumeentzat.
Desoreka hauek kontuan edukita, EGK-k beharrezko jotzen du enplegura bideratutako politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea. Horretarako, Ibilbide Moreak txostenean landutakoaren harira, beharrezkoa da ekintza positiboak, berdintasun planak eta negoziazio kolektiboak erabiltzea soldata arrakala behin betirako ixteko.