-
EGK-ko Hezkuntza Foroan parte hartzen duten ikasleek hainbat eskari mahai gaineratu dituzte eguna aprobetxatuz
-
Ikasle problematika lantzeko une egokia da pandemiarena, aurrez aurre ditugun maila eta dimentsio guztietatik, izan ere, beharrak biderkatu egin dira azken hilabeteetan
Astearte honetan, azaroak 17, Ikasleen Nazioarteko Eguna da. Ospakizunetatik haratago, aldarrikapen eguna dela nabarmendu nahi dugu Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) eta zehazki Hezkuntza Foroan parte hartzen duten ikasleen aldetik. Ikasleon nazioarteko egunerako ikasleon eskaerak batu ditugu, ikasle problematika aurkezten zaizkigun maila eta dimentsio guztietatik lantzeko une egokia dela adierazteko. Era honetara egoeraz jabetu eta protagonistek lehen pertsonan haien beharrak bideratzeko ahotsa dute 7 eskaera hauen bitartez.
Azken hiletako egoera aintzat hartuta, Hezkuntza Forotik inoiz baino beharrezkoagoa ikusten da ikasleek egunerokoan bizi dituzten ardurak mahai gainean jartzea eta hauei irtenbidea emateko lan egitea. Baita unibertsitate eta administraziotik ere. Ikasteko baldintza duinak bermatu behar dira, are gehiago COVID-19ak azaleratu dituen egoerak ikusita. Azken urteetan aldarrikatu dugu, besteak beste, %100ean euskaraz ikasteko zailtasunak daudela UPV/EHUn, garraio zerbitzua hobetu behar dela, tasen prezioa edo beken sistema birpentsatu behar direla edota partaidetza aktiboa sustatu behar dela. Pandemia garai berezitu honetan areagotu eta nabarmendu dira behar hauek, ikasleen artean egoera are zailagoak sortuz.
7 eskaera ikasleekin eta ikasleentzako
Egoera kontatzeaz gain irtenbidea bilatzeko Hezkuntza Forotik esfortzu berezia egin da ahalik eta ikasle gehienen errealitatea ezagutzeko. Horretarako ikasle mugimenduko eragile eta ikasle-taldeekin bildu gara, elkarlana aztertzeko, egoera eta baldintzei jarraipena egiteko eta informazioa eta beharrak elkartrukatzeko. Horren emaitza da gaur aurkezten dugun manifestua zazpi eskaera konkretu eta bereziturekin:
- Ikasteko espazioen egokitzapena eta baliabide fisikoen bermea
- Garraio publikoan hobekuntza beharrak
- Ikasketa tasen prezioa
- Ikasteko beken sisteman birpentsatu
- #IkaslePisuak arautzea eta laguntza espezifikoak
- Burokrazia arintzea
- Parte-hartze aktiboa sustatzea
Izan ere, egun, ikasle mugimenduak eta ikasle antolakunde eta eragileen egindako lana izugarria da Bigarren Hezkuntzako zein unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasleen eskubideak bermatzeko eta beharrei erantzuteko. Eguna baliatuz, merezi duen aipamena eta aitortza izatea aldarrikatzen dugu Hezkuntza Forotik, zoritxarrez gazte ikasleei buruz hedatzen den ikuspegia askotan estereotipatua, ezkorra eta ‘nini’ bezalako kontzeptuz zikindua dagoelako.
Egunerokoan lanean Hezkuntza Forotik
Ikasleentzako ez dira hilabete errazak izan. Aldaketa mordoa sortu ditu COVID-19ak eta sortutako galderek ez dute beti erantzunik izan, besteak beste #IkaslePisuakZer kanpainak erakutsi bezala. Hezkuntza Forotik elkarlana errazteko, ikasleen beharrei erantzuna emateko eta azaleratzen diren gaiak jorratzeko lanean jarraituko dugu, baita administrazio arduradunekin zubilana izateko eta egiteko dugun lanean sakondu ere. Espazio irekia da eta gure aldetik gero eta ahots eta ikuspegi gehiago izan, hobe. Izan ere lantalde honen helburua bikoitza da: batetik, ikastetxe/unibertsitate edo administrazioen aurrean ikasleen beharrak aurkeztu; eta, bestetik, ikasle eta ikasle-taldeen arteko sinergiak bilatu.
Anima zaitez, ikasleek asko dugu esateko eta!