-
Etxebizitza genero-ikuspegitik aztertzea beharrezkoa da honek ere gure beharrei erantzun diezaien
-
Oihane Ruiz Menendez arkitekto urbanista feminista, Kalea(n) Bizi arkitektura elkartea eta Abaraska etxebizitza kooperatiboa izango dira hizlari
Bizitza proiektuari ekiteko etxebizitza euskarrietako bat da. Ereduak anitzak badira ere, erronka berdina dute ia guztiek: ohiko egitura jarraitzen dute, oinarri androzentriko eta patriarkalaren arabera eraiki dira. Hausnarketa sustatzeaz gain, beste era bateko proposamenak jorratzeko antolatu dugu #ZutabeakArrakalatzen ekitaldia, urriaren 31n, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, 11:30etik 13:00etara. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatu da, Emakunde, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udaleko Donostia Gazteriarekin elkarlanean. Eman izena hemen!
Emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko oraindik pausuak emateko daudela nabarmena da eta, zoritxarrez, COVID-19aren ondorioek arrakala areagotu dute. Genero-ikuspegia zeharkako balore bezala txertatzea ezinbestekoa da egoera iraultzeko eta gazteon beharrei erantzuteko. Bizitzako esparru orotan. EGKtik etxebizitzan jarri nahi dugu fokua.
Familia eredu tradizionaleko etxebizitzaren #ZutabeakArrakalatzen
2019an, etxebizitza eredu gehiago ezagutzea izan zen asmoa; besteak beste, Usurbilgo Txirikorda Proiektuan edo UPV/EHUk Gasteizen belaunaldi arteko bizikidetza sustatzeko duen ekimenean fokua jarriz. Oraingoan, genero-ikuspegia gehitu nahi dugu #ZutabeakArrakalatzen ekimenarekin. Gizartea aldatzen doan heinean berau osatzen dutenen beharrak ere moldatuz doaz, baita familia ereduak ere. Azken urteotan arkitekturatik gaia asko landu da eta etxebizitza kolaboratibo komunitarioak, belaunaldi arteko cohousing-ak… garatu dira.
- Non: Kutxa Kultur Plaza (Tabakalera).
- Noiz: Urriak 31, larunbata, 11:30etik 13:00etara.
- Zer: #ZutabeakArrakalatzen ekitaldia. Oihane Ruiz Menendez, Kalea(n) Bizi eta Abaraska izango dira gurekin.
- Izen-ematea: https://forms.gle/QphtQ7LnYoMwDXBo7
Topaketak bi atal izango ditu. Lehenik hiru zatitan banatutako mahai ingurua izango dugu. Hizlariek etxebizitza eta generoaren azpigaiei buruzko ikuspuntua elkarbanatuko dute: COVID-19aren ondorioz eman diren hausnarketak, elkarbizitza ereduak eta etxebizitza eta segurtasuna. Ostean, tailer bat egingo dugu hitz egindakoaz hausnartzeko eta proposamenak garatzeko.
Gehiago jakin nahi baduzu edo kontuan izatekorik bururatzen bazaizu, idatzi etxebizitza@egk.eus / berdintasuna@egk.eus helbideetara, edo deitu 944436143 (Luisa) / 943429767 (Irati).
Osasuna eta segurtasuna bermatuz
Gogoratu! Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) ekimen eta proiektuak 16-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Gainera, EGK-k bertaratzeko erabiliko diren garraio publikoko gastuak ordaintzen ditu.
COVID-19aren ondorioz bizi dugun errealitatea kontuan izanda, eta parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko EGKtik zenbait neurri hartu ditugu:
- Edukiera mugatua denez, izena ematea eskertuko dizuegu esteka honetan edo arestian emandako kontaktuetan. Edozein zalantza izanez gero, lasai galdetu.
- Ekitaldian zehar musukoa beharrezkoa izango da. Eraman ezean ezingo da parte hartu (betiere osasun arrazoiren batengatik ez bada).
- Administrazioek har ditzaketen neurri zein aholku eta oharrak jarraitu une oro.