Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) atzo Basauriko Sidenor enpresan lan istripuz bizia galdu zuen 28 urteko langilearen heriotza salatu du gaur , prentsa ohar baten bitartez.
Azken heriotza honekin, zazpi dira azken hiru hilabeteetan Euskadin lan-istripuz zendu diren gazteak (edo etxebizitza Euskadin zutelarik kanpoan hil direnak), elkarte-plataformaren datuen arabera. Ekainaren 1ean, 25 urteko nekazari bat hil zen Gaubean (Añana). Handik gutxira, ekainaren 22an, 21 urteko beste gazte bat zendu zen, Araiako Nestlé multinazionalean. Hurrengo zorigaitza Berriatuako Asterrika auzoan gertatu zen uztailaren 2an; orduan, 21 urteko langile batek galdu zuen bizia. “Zerrenda beltza” ez zen bertan amaitu. Hilak 16 zuenean 19 urteko behargin bat hil zen Zarautzen, eta handik hamabi egunetara, 27 urteko arabar bat zendu zen Aberinen (Nafarroan). Abuztuaren 18an, kopurua berriz ere igo zen: 28 urteko behargin bat hil zen, Bilbon. Azken zorigaitza atzo gertatu zen: 28 urteko beste gazte batek bizia galdu zuen Basauriko Sidenor fabrikan.
“Beste behin ere, langileak eta, bereziki, gazteak, lutoan gaude”, esan du EGK-k. Adierazi duenez, “gazteria langilea lan-ezbeharren miran dago”. Izan ere, “gazteek gainerako langileek baino bi aldiz lan-ezbehar gehiago sufritzen dituzte”. Gazte erakundeak ezagutarazi dituen Osalanen azken datuen arabera, 2008an 16 eta 34 urte bitarteko langileen %4,12ak istripuren bat jasan izan zuen, guztizkoaren ia bikoitza (%2,2). Zenbaki absolutuetan, 2008an 22.081 gaztek pairatu zuten lan istripuren bat (guztizkoa 48.626 izan zen bitartean).
“Prekarietatearen biktima”
Gazteria Kontseiluaren hitzetan, lan-ezbeharren kopuru jasanezin hori “ez da kasualite hutsa”. Aitzitik, “azalpen garbi bat du”: lan prekarietatea. Honen harira, “gazteek lan-baldintza txarrenak jasaten dituztela” gogorarazi du EGK-k: aldi baterakotasun tasa altuak eta behin behinekotasun kronikoa, langabezi tasa bikoitza, lan sari baxuagoak, sistematikoki erabiltzen diren ez ohiko kontratazioa formulak (bekak, praktikak), lan karga astunak, ordutegi txarrak eta gain-kualifikazioa, besteak beste, bai eta negoziazio kolektiboa oztopatzen duten lanpostuak, ezkutuko ekonomian ematen den enpleguak, mugikortasun geografiko altua eta azpi-kontratazioa ere.
Testuinguru honetan, EGK-k lan-osasunaren arloko esku-hartze politkak eta aurrekontuak indartu ditzan eskatu dio Administrazioari. Horrez, gain, hurrengo neurrien alde lan egin dezan galdegin dio, beste behin ere:
• Lanaldi murrizketa.
• Ez ohiko kontratazio formulen gaineko ikuskaritza eta kontrola areagotzea.
• Esku hartze handiagoa Osakidetzaren partetik gaixotasun laboralen antzemate eta tratamenduan.
• Enpresetan, lanaren des-intentsifikaziorako neurriak martxan jartzea.
• Lanpostu bat betetzeko eskatzen den kualifikazioa eta lan hori garatzeko beharrezkoa denaren arteko oreka mantentzeko kontrol mekanismoak ezartzea.
• Azpi-kontratazioa eta behin behinekotasuna mugatzea.
• Aparteko orduekin bukatzeko neurriak abian jartzea.
• Zaintza lanen aitortza eta arautzea.
• Goi mailako ikasketak eta lana modu jasangarrian bateragarri egiteko bitartekoak eskaintzea.
• Enpresek gazteen parte hartze laborala eta sindikala ahalbidetzea, horretarako baldintzak eta bitartekoak eskainiz.
• Enpresek lanpostuaren onurarako izan ohi diren jakintzetan trebatzeko bitartekoak (denbora eta dirua) bere gain hartzea.
• Kontratazio sisteman langileen negoziaziorako gaitasuna arautzea.
• Ordezkapen kontratuak bultzatzea.
Bere aldetik, Gazteriaren Kontseiluak gazteek bizi duten lan prekarietatea salatzen jarraitzeko eta “sarraski honekin amaituko duen gizarte ahotsa” osatzeko bere konpromisoa berretsu du.